Gora San Fermin!
Euskal Herrian, ñabardurak ñabardura, jai parekiderik bada horiek Inauteriak eta sanferminak dira. Hori dio behintzat lagun on batek. Mozorroa dela, arropa zuria eta zapi gorria dela, kalera irten eta parekoa ere zure maila berean aurkituko duzu. Norberaren jatorriak, lanbideak, eta abar ez du gehienentzat aparteko baliorik edo garrantzirik. Ez dira bereizketaren eragile, ez behintzat kale mailan. Jendartean nahastu eta festaz gozatu besterik ez duzu egin behar. Hori dio berak.
Badago ere, noski, bestela pentsatzerik. Baina egia da ere, kalean nahas-mahas dabilen jende andanaz eta kalean festa egiteko moduaz hitz egiten badugu, San Fermin Jaiak bizi izan dituzten gehienen iritziz, Inauteriak eta tokian tokiko bestelako jaiak gutxietsi gabe beti ere, sanferminek ez duela parekorik.
Gehiegikerien festak bezala laburbiltzen ditu sanferminak beste lagun batek. Estremoena. Nahiz eta onartu ere Iruñeko sanferminak jatorriz instituzionalagoak, kontserbadoreagoak diren. Baina agenda ofizialaz at, jaia zeure egiteko aukerak edo malgutasunak ematen omen dio benetako arrakasta.
Klase ertainen festak direla dio beste lagun batek. Garaian garaiko egoera sozio-ekonomikoan gehiengoa osatu duen jendartearen neurrira egindako festak direla, alegia.
Azken hau egiazkotzat joko bagenu eta kontuan hartuko bagenu zer nola aldatu diren langile klasearen lan baldintzak eta bizi maila azken aldian, seguruenik aurtengo sanferminetan nabaritu beharra dagoela krisiaren ingurumarian gertatzen ari den guztia.
Aspaldi utzi baikenion klase sozialak norberak produkzio sisteman zuen lekuaren arabera definitzeari, kontsumo mailaren mesedetan. Egun, langile ofizioa izan arren, horrek ez du zehazten nortasun kolektiboa, eta kontsumo mailaren arabera definitzen du bere identitatea jendeak. Klase ertaineko kidetzat jotzen du bere buru jendeak, kontsumo mailaren barruan eraikitzen du bere nortasun kolektiboa eta noski, horrek kalte egiten dio ustezko kolektibotasun horri, klase ertainaren multzo zabal eta maila ezberdineko horretan kolektibotasuna baino indibidualismoa baita nagusi.
Horren ondorio nabarmena bizi izan dut neronek maiatzaren 30eko azken greba orokorrean. Langileen asanbladan apenas langileen
% 10a presente, eta langile asko aurretik greba egunerako jaieguna eskatzen lan egun horretako soldata ez galtzeko.
Bistan denez, egungo sistema ekonomikoak helburua lortu du. Jendeak ez du nortasun kolektibo indartsurik; langileen kolektibokoa baino, klase ertaineko partaide ikusten du bere burua. Eta ez daki, ahaztua du, zeinen garrantzitsua eta beharrezkoa den egiazko nortasun kolektiboa izatea. Nortasun kolektiborik gabe ekintza kolektiborik ezbaitago, eta mobilizazio kolektiborik gabe gizartea desaktibatu egiten da, eta etorkizunak itxura txarragoa hartzen.
Garbi dago epe motzean langile kolektibo bezala ez dugula, zoritxarrez, emaitza garrantzitsurik ikusiko, baina mobilizatzen jarraitu beharra dago, jendea aktibatzen. Eta aktibatzeko ere zer hobeago gaur, oporren aurreko azken lan egunean, Iruñetik pasa eta kaleetan barna galtzea baino? Zuen osasunera lehenengo tragoa!
Udara on eta irailera arte! Gora San Fermin!