Balbula baten konponketak eragin du igerilekuen irekieraren atzerapena
Igerilekuak egin zituen enpresarekin izandako arazoak izan dira, udalaren arabera, Kaputxinoetako igerilekuen irekiera atzeratzearen arrazoi nagusia. Izan ere, igerilekuko balbula bat konpontzeko esan zion udalak, baina Construcciones Sukiak ezezkoa eman, eta beste enpresa bat kontratatu behar izan du konponketa lanak egiteko. Bitartean, udalak gaia auzitegietara eraman du.
Julen Mendoza alkatea, Luisma Diez Hirigintza zinegotzia eta Unai Unsuain Udal Kirol Patronatuko presidenteak eman zituzten azalpenak 30 herritarren aurrean, Beraun Berri ikastetxean.
Balbula bat lehertuta
Diezek kronologikoki jakinarazi zuen gertatutakoa. Hala iaz, igerilekuaren denboraldia bukatutakoan, balbula bat lehertu zela azaldu zuen, eta uholdeak sortu zirela arazketa gelan.
Sukiarekin jarri ziren harremanetan, berak egin zuelako igerilekuen obra. Diseinua, berriz, Aquamader enpresa azpikontratatuaren esku utzi zuen Sukiak.
Leherketa zergatik gertatu zen jakiteko udalak ingeniaritza enpresa batekin jarri zen harremanetan. Sistemaren diseinua ez zela egokia ondorioztatu zuen.
Berriro Sukiarengana jo zuen udalak eta 120.000 euroko konponketa lanak egiteko, baina honek ez zuela egingo erantzun zuen ardura eurena ez zela argudiatuta.
Auzitegiko bidea irekita, obrak egitea erabaki zuen udalak, eta horretarako konponketa kontratatzeko urgentziazko prozedura ireki zuen. Argy San enpresa kontratatu zuen maiatzaren 29an eta hilabeteko epean lanak bukatzeko konpromisoa hartu zuen. Hala ere, bost egunez atzeratu direla gaineratu du Diezek.
Orain igerilekuek beharrezko baimen guztiak dituztela azaldu du, eta “normaltasunez” funtzionatzen dutela.
Aldagelen partidako zatia erabili dute
Obrak egiteko aldagelak egiteko partidaren zatia erabili behar izan dutela jakinarazi zuen Mendozak, eta horrenbestez, horiek atzeratu egingo direla.
Bizilagunek euren kexa eta proposamenak adierazi zituzten, eta udal ordezkariek irtenbidea emateko konpromisoa agertu zuten.