Landare hondakinak gaika biltzeko 15.000 familiak eman dute izena Bidasoan
Txingudiko Zerbitzuak erakundeak jakinarazi du jada Bidasoko 15.000 familiak eman dutela izena landare hondakinak gaika biltzeko. Hau da, edukiontzi marroia erabiltzeko prest biztanleen %47 dago, oraingoz, Hondarribian eta Irunen. Hala, Txingudiko Zerbitzuen arabera, edukiontzi hori erabiltzeko kanpaina “arrakastatsua” izan da, eta izena emandakoen artean informazioa, materiala eta bestelakoak banatzen ari dela jakinarazi du.
Egitasmo horretan parte hartzeko izena emandakoen kopurua uste baino handiagoa izan da Txingudi Zerbitzuek emandako datuen arabera. Izan ere, landare hondakinak biltzeko 119 edukiontzi jarri zituen, baina horiek eskas geldituko direla iritzita, beste 160 erosiko ditu, azaro aldean jartzeko, “horrela Hondaribian eta Irunen dauden bidarte guztietan bat egongo litzateke, eta horrenbestez, herritarrek batera edukiko lituzkete bost edukiontziak (landare gaiak, ontziak, papera, beira eta errefusa biltzen dituztenak).