Hondarribiko Jostaldin, zesta punta ona, eta giro hobea
Jai Aliveren barruko Munduko Kontseiluaren Binakako Zesta Punta Txapelketako partidak jokatzen ari dira azken ostiraletan Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan. Atzo, esaterako, partida nagusian, Egiguren II-Enbil bikoteak 35-27 irabazi zion Aritz Erkiaga-Txasio bikoteari. Hortaz, lehenik ligaxkako lehen puntua irabazi dute, eta bigarrenak kanporatuta gelditu dira bigarren partida jarraian galdu dutelako. Partida nagusiaren aurretik, Moresmau eta Ibai Erkiagaren arteko partida 25-17 bukatu zen.
Partidak baino gehiago dira, ordea, Jostaldikoak. Gastronomia erakustaldiak ere badira. Hala, atzo, paella eman zieten ikusleei —Jai Aliveren arabera, ikusle asko izan ziren atzo Jostaldin–, eta Hiruztako txakolina dastatzeko aukera izan zuten. Bertakoak dira ondoko argazkiak.