
Jai Batzordeko kideak, atzo, Merkatuzarren atarian.
Errenteriako Jai Batzordeko kideek agerraldia egin zuten atzo madalenen harira. Ia astebete falta da herriko jaiak hasteko, eta egitaraua guztiz osatua badago ere, horren azken zertzeladak zehazteko bilera berria, eta agerraldia egin zuten atzo. Jai “koloretsu eta garbien” aldeko apustuan lanean izan direla jakinarazi dute, eta festetan “errespetua, begirunea eta berdintasuna” berma dadila eskatu zieten herritarrei. Bigarren urtez ibili da lanean madalenak prestatzen Jai Batzordea, “ilusio handiz aritu gara”, esan dute: “Herritik herriarentzat sortutako jaiak dira”.
Egitarauaren aniztasuna eta hori egiteko parte hartze handia nabarmentzeaz gain, hilaren 21ean hasi eta 25ean bukatuko diren festetan “edozein jokaera baztertzaile” gertatzen bada hori “gaitzetsiko” dutela ziurtatu zuten, “jokaera xenofoboak, sexistak, homofoboak… Kaleak, denon laguntzaz, ilusioz, berdintasunez eta errespetuz beteko ditugu”.
Txupinazoaren harira gogoeta zabaldu zuten ere. Jaien hasiera garbia nahi dute, “ez dugu ez irinik, ketchupik ezta arrautzarik nahi. Txupinazoa zaindu eta denontzat gozagarri izan dadin nahi dugu”. Horrez gain, jaien hasiera baino lehen, hilaren 21ean, egingo den herri bazkaria nabarmendu nahi izan zuten Jai Batzordeko ordezkariek, “elkarlanaren lehenengo topagunea” izango delako. Bazkaria 14:00etan hasiko da, Merkatuzarreko plazan. Horretan egoteko txartelek 17 euroko prezioa dute (zapiak emango zaizkie, sarrera gira, hori erosten dutenei), eta Arkaitza eta De Cyne Reyna tabernetan, Foru plazako, Morrongilletako, Zumardiko eta Iztietako kioskoetan, eta Beraungo Auzo Elkartean lor daitezke, hilaren 16ra arte.