Munduko Pilota Biltzarraren binakako zesta punta txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko dute gaur Jostaldi pilotalekuan, 20:00etan hasiko den jaialdiaren barruan. Jaialdiko bigarren partida izango da txapelketakoa eta ligaxkako lehen jardunaldiko galtzaileak, Aritz Erkiaga-Txasio bikotea eta Egiguren II-Enbil izango dira aurrez aurre.

Mikel Egiguren
Txapelketari dagokion partidaren aurretik beste lehia bat programatuko dute, Moresmau-Ibai Erkiaga eta Korta-Susoren artekoa. Partida horren ondotik kantxaratuko dira txapelketako bi bikoteak. Baina aurretik paella dastatzeko aukera izango dute zaleek, 12 euro balio duen sarreraren barruan paella eta ardoa sartzen baita —herriko Hiruzta txakolina edo Errioxako ardo beltza, aukeran—.
Txapelketako lehen jardunaldiak publikoaren aldetik izan zuen erantzuna ikusita, gaur ere arratsalde bikaina izango dela uste dute jaialdiko antolatzailea den Jai Alive enpresako arduradunek. Izan ere, gaur egungo binakako txapeldun Mikel Egigurenek egingo du debuta txapelketan. “Iaz irabazteak ez du ezertarako balio, zerotik hasi behar garelako eta txapelketa goi mailakoa delako. Iazkoa oso urte ona izan zen niretzat, baina aurten ez da erraza izango hain ondo ibiltzea”, esan du Egigurenek.