
Malles atzo arratsaldean, Sugaray Rayford taldearen soinu proban
Atzo hasi zen Hondarribia Blues Jaialdiaren aurtengo ekitaldia, baina HITZA asteartean egon zen Carlos Malles zuzendariarekin (1968, Irun), dena muntatzen ari zirela. Bluesak “espazio propioa” behar zuelako okurritu zitzaien Mallesi eta lagun batzuei jaialdia antolatzea eta, zortzi urte pasata, “ikaragarria” iruditzen zaio lortutakoa.
Nola bururatu zitzaizuen lehenengo ekitaldia antolatzea?
Blues zaleak ginen eta beti genbiltzan jaialdiz jaialdi blues bila eta zera ikusten genuen, Euskadin jazz jaialdi asko zegoela baina bluesa entzun nahi izanez gero, jazzaldietakoek bluesa programatzeko zain egon behar ginela. Bluesak leku propioa behar zuela uste genuen eta ideia hau udalean aurkeztu genuen.
Kostatu zitzaien guri kasu egitea, denei, eta hasteko ez genuen udaletik inolako laguntza ekonomikorik jaso. Baina oso ondo atera zen. Publiko mota zela, musika estiloa zela eta ingurunea dela, elementu horiek elkartuta, ideia arrakastatsua izatea etorri da.
Noiz hasten zarete blues jaialdia prestatzen?
Ekitaldi bat hasi aurretik badira gauza batzuk hurrengoari begira begiratu behar direnak. Batetik, ekitaldi bat antolatzen ari zarela antzematen da gauza batzuk hobeto egin daitezkeela eta horiek hurrengorako hobetzeko hasten zara lanean. Eta bestetik, artista garrantzitsuen birak denbora askorekin mugitu behar dituzu. Baina potoloena, lanik garrantzitsuena urritik edo azarotik aurrera hasten gara egiten. Eta aste hau esprintean ematen dugu.
Zertan eragin dio krisiak jaialdiari?
Ba egia esateko krisiak guri ez digu ia ezertan eragin. Jaialdia oraindik handitzen ari da, babesle pribatuen, Kutxaren eta Carlsbergen laguntza izaten jarraitzen dugu, erakunde publikoena ere bai… Baina baieztatu diezazuket artistek ez dutela euren katxea jaitsi, egia da nazioarteko birak asko gutxitu direla, eta aukera gutxiago dagoela artistak aukeratzeko, baina daudenen katxea mantenduta. Krisiarekin, arazorik izatekotan erakundeekin izan da zailagoa aurten, askoz gehiago begiratzen dutelako dena, gehiago eskatzen ari dira, eta horrek tramiteak zailtzen ditu.
Jaialdira ekartzen duzuen blues mota erabat aldatzen da urte batetik bestera. Zergatik da hori?
Jaialdi honek duen ezaugarrietako bat, asmoetako bat bluesa ezagutaraztea da, hori baitzen Euskadin jazz jaialdiekin zegoen arazoa, jendeak ez zuela bluesa jazzetik bereizten eta hori, blues zaleontzat pentsaezina da. Horregatik, bluesa zer den eta bluesaren bariante guztiak zeintzuk diren erakutsi nahi dugu. Ni, Chicagoko bluesak maiteminduta nauka, baina ezin da beti hori programatu, eta horregatik Chicago, West Coast, Deltakoa —Mississippiko delta—, tartekatzen ditugu, jendeak ezagut dezan bluesa bere osotasunean.
Aurretik ikusita, aurten izarretako bat kontzertu pedagokikoa izan daitekela dirudi.
Bai, kontuan izan Sugaray [Rayford] eta Mannish Boyseko musikariak ariko direla haurrentzat. Musika kalitateari dagokionez izugarria izango da. Beste urte batzuetan eduki izan ditugu Chicagoko musikariak, baina aurten nik uste gehiago izango dela; gainera Sugaray haurrekin oso ondo moldatzen da. Oso dibertigarria izango da, ziur.
Besteen gainetik, zeintzuk izango dira aurtengo jaialdiaren izarrak?
Argi dago, izenagatik, Eric Burdon dela karteleko burua baina nik askoz gehiago nahiago ditut ostiraleko edo larunbateko gauak, oso onak izango dira, batez ere larunbatekoa. Ostiralak ere ezusteko batzuk ekarriko ditu; aurten Crossroads atala Europako bluesari zuzenduta dago, baina Alemania edo Erresuma Batura joan beharrean, hainbesteko tradizioa ez duten herrialdeetara jo dugu, Italiara, Eslobeniara, Kroaziara… Herrialde horietan sekulako bluesa egiten da eta kontzertu hori itzela izango da. Eta gainera, Malina Moye ariko da gero. Urtero ekartzen dugu estatuan inoiz egon ez den artista bat eta aurten neska hau ekarri dugu eta bat baino gehiago ahoa zabalik utziko du bere soulak.
Igandea delako, jende askok ezingo du Eric Burdon ikusi, baina, aldiz, herriko jendeak izango du aukera.
Duela bi urte Raimundo Amadorrekin gertatu zitzaigun, igandea izanik ere Bentako eremua bete zela, eta aurten gehiago izango dela uste dut. Eric Burdonek jende pila bat ekarriko du eta gero jaialdiaren amaiera festa izango da, The Mannish Boysekin eta Segarrarekin. Amaiera ona izango dela uste dut.
Aste honetan jakin izan dugu iaz 70.000 lagun hurbildu zirela eta ia hiru milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuela jaialdiak. Espero al zenituzten zenbaki horiek?
Jende kopuruak ez gaitu harritu, bilakaera baten ondorioa izan delako. Egia da iaz egindako azterketan lehen aldiz zenbatu direla jaialdirako propio etorri direnak soilik, gainontzeko turistak eta abar kanpoan utzita. Hori kontuan izanda bai izan zen ezustekoa 70.000 lagun izan zirela jakitea. Eta eragin ekonomikoari dagokionez, bagenekien altua zela, baina 2,7 milioi eurokoa ikaragarria da, hain txikia izanda egiten den inbertsioa. Duela gutxi Sevillako alkateari entzuten nion esaten, Apirileko Feriaz, harro zegoelak inbertitutako euro bakoitzeko bi lortzen zituztelako, eta hemen ia hogei euro lortzen dira euro bakoitzarekin. Sinisteko zaila da.
Zortzi urte hauetan zein izan zuretzat jaialdiko une gozoena?
Edozein, asko eta asko izan ditut hunkigarriak, hasieratik bertatik, jaialdia jaiotzen ikustea sinestezina izan zelako. Sekulako beldurra genuen, asmatuko ote genuen, jendeak zein harrera izango zuen, euskaldunok badugulako itxiak izateko fama. Eta lehen urtean herriko jendea abesten, txaloka, dantzan ikustea izugarria izan zen. Eta gero une asko izan dira hunkigarriak, Hubert Sumlin, Pinetop Perkins, biak gainera hil egin dira… Goi mailako artistak ziren baina oso gertukoak izan ziren guretzat eta horrek erakutsi izan dit benetako izarrak izaten direla umilenak.
Eta ba al da norbait ekarri nahi eta ezin izan zduzuna?
Bai, Buddy Guy. Beti gertatu izan da zerbait eta ezin izan dugu ekarri. Ez dakit datorren urtean izango den, hurrengoan, edo noiz, baina Buddy Guy ekarri behar dugu. Eta gero ametsak ere baditut, Eric Clapton ekarri nahiko nuke, hitz potoloak dira horiek, baina amets egitea debalde da.