Etxerat-ek jakinarazi du, azken egunak Basurtuko Ospitalean pasatu ondoren, berriz ere Basauriko espetxera eraman zutela Aitzol Gogorza atzo arratsaldean euskal preso oreretarra. “Etxerat elkartetik argi dugu bai Aitzolek eta baita gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste hamalau presoek aske behar dutela, dagokien asistentzia mediku egokia jasotzeko”, esan du erakundeak. Bien bitartean, gaur goizean elkarretaratzea egin dute Basurtuko Ospitalean, Herrira-k deituta, hamarnaka lagunek, Errenteria-Oreretakoak –autobus bat atera da Bizkai aldera–, eta hangoek. Prentsaurrekoa ere egin dute.
Horrela, Herrira-ko kideek jakinarazi dute Gogorza hirugarrenez egon dela ingresatuta Basurtuko erietxean, eta espetxean egonik, behar duen tratamendu zehatza jasotzea ezinezkoa dela, tratamendu egokia izan dezan espetxetik kanpora behar duela. Gogorzaren eta larri gaixo dauden beste hamalau presoen egoera izan dute Herrira-ko kideek, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei esan diete “gaixo dauden presoak gatibu mantenduz, errusiar erruletara jokatzen” dutela.
Basurtukoa eginda, gaur arratsean Errenteria-Oreretan egingo dute Gogorzari babesa adierazteko elkarretaratzea, 20:00etan, zumardian.