1960ko hamarkadako txirrindularitzari gorazarre egingo diote Irunen
Hilaren 16tik 28ra, Laboral Kutxaren bulego nagusiaren erakusketa aretoan (Kolon pasealekuan dago), Gran Sport izeneko erakusketa jarriko dute, Laguntasuna Txirrindularitza Taldearen ekimenez. 1960ko hamarkadako argazkien erakusketa da Gran Sport, eta txirrindularitzaren garai hori gogorarazteaz gain, txirridularitza zaleen topagune izan nahi du. Astelehenetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara dago zabalik aretoa, eta igande eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era.
2014an beteko ditu 25 urte Laguntasunak, eta horren harira jarri dute erakusketa. Bertan, egun guztiz ezezaguna den txirrindularitza eredu bat ikus daiteke, kirolaz gain, abentura eta berrikuntza nahia uztartzen zituena. Hala, Otaño, Lasa, Anquetil eta bestelako txirrindulari ezagunen irudiak ikusteko aukera dago, baita hain ezagunak izan ez zirenenak ere. Hala, 1957-1965 tarteko 70 argazki dira Laboral Kutxaren bulegoan jarriko dituztenak, A3 neurrian. Laguntasunak 500 bat argazki historiko ditu.