Arma plazako bulegoan egin da aurkezpena
Bertako produktuen mapa argitaratu du Bidasoa Bizirikek aurten, uda sasoian euren oporraldia igarotzeko Irun edota Hondarribia hautatzen duten bisitariek, euren etxera eskualdeko oroigarri berezi bat eraman dezaten. Eskualdeko hiru turismo bulegoetara joaten direnei banatuko zaie mapa eta bertan “hemengo produktuak eskaintzen duten artisau eta ekoizleen helbide zerrenda bat dago”, azaldu du Miguel Angel Paez erakunde publikoko presidente irundarrak gaur goizean Hondarribiko Arma Plaza Interpretazio Zentroan egin den aurkezpenean.
Prentsaurrekoa egiten ari zen bitartean Arma plazako turismo bulegora sartzen zen turisten jarioa etengabea zen eta hori nabarmendu du Juan Mari Altuna Hondarribiko alkateorde eta eskualdeko turismo erakunde publikoko presidente ordeak: “Turismoa agente ekonomiko bat da udara osoan, batez ere Hondarribian. Bidasoa Bizirikek apustua egin du, egunero bulegoak irekita daude goiz eta arratsaldez eta urtetik urtera jende gehiago etortzen da. Eguraldi onarekin, gainera, eguzki pixka batekin askoz gehiago sumatzen da”.
Uda sasoian astelehenetik igandera irekitzen dute hiru turismo bulegoek, 10:00etatik 13:30era eta 15:30etik 20:00etara. Iaz 67.675 pertsonari arreta egin zieten bertan eta horri gehitu behar zaio
bidasoaturismo.com webgunean egin ziren 34.004 kontsultak. Paezek aitortu du lan handia dela, koordinazio handia eskatzen duena, eta Bidasoa Biziriken lan egiten dutenen esfortzua txalotu du: “Hiri batera joaten garenean eta turismo bulegoan zer bisitatu dezakegun mapa batean erakusten digutenean, horren atzetik lan asko dago, koordinazio lan handia, eta hori Bidasoan profesionaltasun handiarekin egiten dute, eta Hondarribiko kirol kaiko edo alde zaharreko turismo bulegoetan edo Irunen Luis Marianokoan lan egiten duten langileen eta haien arduradunen esfortzua nabarmendu nahiko nuke”.