Kaputxinoetako igerilekuak ireki bezain laster, eta eguraldiak lagunduta, hamarnaka herritar joan ziren atzo arratsaldean igerilekuan freskatu eta eguzkia hartzera. Batzuk, ordea, itxaron egin behar izan zuten barrura sartzeko, eta ilarak sortu ziren sarreran. Horrek zenbait herritarren kexak eragin zituen.
Herritar batek esan zuenez, “hilabete” egon behar izan dute zain igerilekuak irekitzeko, eta behin ireki dituztela, itxaron behar izatea ez zaio ongi iruditu. Bera, gainera, abonatua da, eta horretarako, abonutik beherapena egin beharko lioketela adierazi du. Horregatik, erreklamazio orriak eskatu zituen.
Ez zen bakarra izan, eta beste hainbat lagunek ere jarri zutela azaldu zuen, harrerako langileak.
Bere aurrean, beste herritar bat ere kexaka ari zen. “Lotsagarria” dela esan zuen, eta igerilekura sartu gabe alde egin zuen.
Atzerapena
Kaputxinoetako igerilekuak atzerapenarekin ireki dituzte. Atzerapenarekin, baina uztailaren hasierarako irekiko zituztela iragarri zuen Udal Kirol Patronatuak ekainean. Atzerapenaren arrazoia igerilekuko obrak egin zituen enpresarekin izandako hainbat arazo zirela azaldu zuen.
«Instalazioak eraiki dituen enpresaren aldetik konpromisoa zegoen joan den denboraldian sortu ziren kalteak konpontzeko, baina enpresa horrek erabaki du, bere aldetik, konpromisoa alde batera utzi eta obra horiek ez egitea, eta ondorioz, atzerapena eragin du», jakinarazi zuen Udal Kirol Patronatuak.
Udalaren zerbitzu juridikoak lanean jarri dira, baina bitartean udalak bere baliabideak erabilita egin ditu konponketa lanak.
Bilera azalpenak emateko
Bihar arratsaldean, hain zuzen, igerilekuekin izandako arazo guztien berri emango die udalak kaltetuei. Bertan izango dira Luisma Diez Hirigintza zinegotzia eta Julen Mendoza alkatea. Bilera 19:30ean hasiko da, Beraun Berri ikastetxean.