Neska kadeteak, urrezko dominekin
Joan berri den asteburuan arrauneko aulki mugikorreko Espainiako Txapelketak, kadeteenak eta haurrenak jokoan izan dituzte Banyolesko (Girona, Katalunia) urtegian. Hondarribia Arraun Elkarteak 50 arraunlari eta hamasei ontzi eraman zituen bertara, horiek zazpi finaletan sartu ziren, eta orotara hiru domina ekarri zituzten etxera. “Emaitzak oso onak izan dira. Euskal Herriko arraun elkarteen artean, domina gehien lortu dituen taldea izan gara berriz ere”. Horrela, bukatutzat eman dute 2012-2013ko aulki mugikorreko sasoia berdeek.
Dominei dagokienez, urrezko, zilarrezko eta brontzezko bana irabazi zituzten hondarribiarrek. Urrezkoa, nesken Kadete Mailako lauko skullean irabazi zuten Ane Ezpondak, Leire Silvok, Ane Alzak eta Ane Marcosek. Zilarrezkoa, berriz, mutilen kadeteen zortzikoak irabazi zuen, Borja Tudero, Iker Altuna, Josu Azpiroz, Markel Nuñez, Mikel Garcia, Martin Altuna, Beñat Amunarriz, Oihan Manzisidor eta Iker de la Linde lemazaina ontzian zirela. Brontzezkoa Borja Tuderok eta Iker Altunak irabazi zuten, lemazainik gabeko bikoan, kadeteetan.
Domina horiez gain, hainbat ohorezko postu lortu zituzten berdeek, tartean bi laugarren postu, eta bosgarren postu bat.