Ikasleak udal ordezkariekin, diplomak jaso eta gero
Bidasoa Bizirikekin elkarlanean eta Hondarribia Abian Enplegu eta Garapen Ekonomirako Planaren barruan Hondarribiko Udalak antolatutako Baratza ekologikoa eta Community Manager ikastaroetan parte hartu izan duten herritarrek atzo eguerdian jaso zituzten euren diplomak.
Udaletik adierazi dutenez, “ikastaroen helburua lan munduan sartu ahal izateko gaikuntza eman eta lan esperientzia eskaintzea izan da” eta guztira 18 pertsonak jaso dute formazioa apiriletik ekainera arte, denak herriko langabeak. Hain zuzen ere, proiektu profesional bati ekiteko asmoa duten herriko langabeei zuzenduta zeuden ikastaroak eta Lanbideren diru laguntza jaso dute.
Diploma banaketan Aitor Kerejeta alkateak azaldu zuenez, Baratza ekologikoa ikastaroan hamar lagunek parte hartu dute, eta teoria zein praktika lantzeko aukera izan dute. 275 ortduko ikastaroa izan da eta “Botika baserriko udal lurretan eta herriko lehen sektoreko nekazaritza ustiategietan aritu dira lanean”.
Eta Community Manager ikastaroan zortzi pertsona izan dira parte hartzen eta 212 ordukoa izan da. “Ikastaro honetan ikasleek Hondarribiko hamabi bat establezimendu izan dituzte praktikak egiteko: ikasleek establezimenduei aholkua eman diete Interneten duten irudia hobetzeko”, adierazi zuen alkateak.
Juan Luis
Kalixa Silanes Landa Garapeneko zinegotziak gainbegiratu ditu ikastaroak eta biak ala biak arrakastatsuak izan direla nabarmendu du. “Azken batean, helburua zera zen, langabezian dauden hemezortzi pertsona horien lanbiderako ahalmena hobetzea, lan arloan irtenbidea aurkitzeko eta gaur egungo merkatu zailean eskatutako bi profil landu ahal izateko. Biak oso proiektu arrakastatsuak izan dira eta aurrera jarraitzeko bidea zein den erakutsi digute”, adierazi zuen Silanesek.