Euskal Herriko eta Sardiniako dantzak, Gamon Zumardian
Erromeria Egunarekin ez da bukatuko dantzaren asteburua Errenteria-Oreretan. Hurrengo egunean, igandean, ere nahikoa dantza ikusteko aukera izango da herrian. Hala, Errenteria Dantzan-en beste ekitaldi bat egingo dute, eta oraingoan, Sardiniako talde baten bisita jasoko dute. Beraz, Euskal Herriko zein Sardiniako folkloreak bat egingo dute Gamon Zumardian, 19:30ean.
Errenteria-Oreretaren izenean, Ereintzako dantzariak igoko dira taula gainera, eta Sardiniaren kasuan, Associazione Culturale e Folk Su Masu taldeko kideak.
Ereintzak jakinarazi duenez, Su Masu taldea 1975ean sortu zen, eta Sardiniako Elmas herriko dantzen eta jantzien ikerketa egin zuen, batik bat, sorreraren lehenengo urteetan. Egun 30 dantzari daude taldean, eta bi musikarik laguntzen dituzte: Vanni Masala akordeoi diatoniko jotzaileak eta Andrea pisu Launeddas jotzaileak. Hori kanaberez egindako musika tresna da.
Europa guztian eman ditu kontzertuak talde horrek, baita AEBetan ere.
Kulturen elkargune
Urtero talde baten bisita izaten dute Errenteria Dantzan ikuskizunean. Aurretik, Errusia, Senegal, Sizilia, Polonia eta Portugaleko taldeak ikusteko aukera izan da, besteak beste. Ereintzak ere beti parte hartzen du Euskal Herriko kulturaren ordezkari gisa.