Laguntzen duenak kanpandorrea bisitatzeko aukera izango du
Parrokiko kanpaiak konpontzeko crowfunding sistema abiatu du Arma Plaza Fundazioak. Lau kanpaiak konpondu nahi dituzte, baina hirugarrenetik hasiko dira, hori baita kanpai-jolearen arabera egoera okerrenean dagoena; birgaldaketa beharko duela uste dute.
Arma Plazako koordinazio lanen arduraduna den Miren Aierbe udal arkeologoak azaldu duenez, kanpai-joleak berak azaldu zen kanpaien egoera ez zela ona: “Orain dela denbora bat Jose Luis Arbelaiz kanpai-jolea Arma Plaza Fundazioarekin harremanetan jarri zen parrokiko hiru kanpaiek konponketa behar zutela azaltzeko. 2011 urtean Tecnikronos enpresari aurrekontua eskatu ondoren, eta finantziazioa aurkitzea zaila zelarik, kanpai-joleen izenean, fundazioaren lankidetza eskatu zuen”.
Kanpai multzoa konpontzeko aurrekontua 44.298 eurokoa da, baina lanak hasteko 8.106 euro behar ditu fundazioak, hori baita hirugarren kanpaia konpontzeko behar dena. Eta diru hori lortzeko finantzazio kolektiboa abiatzea erabaki dute, jendearen parte hartzea bermatzeko: “Hiritarren partaidetzarekin finantziazioa lortzeko aukera ona dela uste dugu gaur egun crowdfunding edo mikromezenazgoa deritzonarekin. Bartzelonako Udalak erabili du orain dela gutxi Pedralbeseko Monasterioko mural batzuk konpontzeko. Crowfunding sistemak jatorri anglosaxoia dauka eta indarrarekin iritsi da guregana eta neurri batean jasaten ari garen krisi latzarengatik harrera oso ona izan du. Abantailetako bat, herritarrek, enpresa publikoek eta pribatuek edozein diru kantitaterekin ekimen kultural bat sustatzeko duten aukera” gehitu du Ayerbek.
Kanpai multzo osoa berritu nahi dute
Dagoeneko abiatu dute finantziazio sistema hori eta abuztuaren 30a arte izango da dirua jartzeko aukera. Lortzen den diruarekin hirugarren kanpaiaren birgaldaketa eta mihiak, eta badana konpondu nahi dituzte. Dena ondo, jaietarako konponketak burututa egotea espero dute.
Ekarpenak nola egin
Egin daiteken gutxieneko ekarpena 5 eurokoa da eta, dirua jartzen duten guztiek kanpandorrera bisita gidatua egiteko aukera izango dute, kanpai-jolearen eskutik. Hala, kanpai bakoitzaren ezaugarriak, jotzeko teknikak, erritmoak, deiak eta beste hainbat gauza ezagutzeko aukera izango dute. Diru ekarpenak fundazioak Kutxabanken duen kontuan egin behar dira. Honakoa da zenbakia: 2095 5039 98 1064233165.
Ekimena abiatu duena fundazioa izanik, diru ekarpenen desgrabazio fiskala egiteko aukera izan dezake nahi duenak. Horretaz gehiago jakiteko edo beste zalantza batzuk argitzeko, Arma Plaza Informazio Zentroa galde daiteke, Arma Plazara joanda, telefono deituta (943 64 36 77 zenbakian) edo
posta elektroniko bat bidalita.