Partida ikusgarria izan zen eta azkenean gorriak garaile
Joan den ostiralean hasi zen Munduko Pilota Biltzarraren zesta puntako binakako txapelketa Jostaldi pilotalekuan eta Jai Alive enpresak oso balorazio ona egin du gertatu zenaz. Batetik, jende asko zegoelako harmailetan “estreinaldia zela kontuan izanik”, eta bestetik, partida bikaina izan zelako. “Lehen ostiraletan ez da normalean hainbeste jende egoten. Ea hori uda on baten aurrekari izaten den”.
Txapelketari hasiera ematen zion partida gogorra eta erakargarria izan zen. Ordu eta berrogei minutuz aritu ziren bi bikoteak nor baino nor eta azkenean gorriz kantxaratu zen bikotea irten zen garaile, Olharan-Ibai Erkiaga, 35-32 emaitzarekin. Aritz Erkiaga-Txasio bikoak ez zuen inoiz partida galdutzat eman eta bigarren fasera sailkatzeko aukera guztiak ez dituzte galdu.
Olharan pozik zegoen garaipenarekin, baina onartu zuen ez zela erraza izan: “Partida oso luzea eta gogorra egin zaigu. Txasiok ez zuen hutsik egiten eta Aritz oso ondo aritu da errebotean. Ibaik ere hutsik gabe jokatu du eta partida ikusgarria izan da. Markagailuan ihes egiteko aukera genuen bakoitzean beraiek eusten zioten”. Izan ere, azken markagailuak partidan izandako berdintasuna agerian uzten du, baina tarterik handiena lau puntukoa izan zen eta garaileak atzetik ere egon ziren (23-25). “Garaipenerako gakoetako bat alderdi fisikoa izan zen. Beraiek kinieletatik datoz eta gu ohituagoak gaude partidak jokatzen, ni behintzat bai”, gaineratu zuen Olharanek.
Noski, partidako galtzaileak ez ziren hain pozik, baina ezta etsita ere, Aritz Erkiaga esaterako: “Ondo jokatu dugu, egin behar genuena egin dugu, baina ezin izan dugu irabazi. 32 tanto egin ditugu, eta asko dira horiek. Galduz gero, hori zen helburua eta bigarren partidara sailkatzeko aukerarekin joan gaitezke”. Ostiral honetan izango dute Aritz Erkiagak eta Txasiok sailkatzeko, bigarren partida jokatuko baitute Egiguren-Enbilen aurka, 20:00etan.
Ostiral honetan bigarrena
Hurrengo ostiralean Egigurenek eta Enbilek errepikatuko dute, lehen partidaren irabazleen kontra, ligaxkako azken partidan. Lehen sailkatuak finala jokatuko du eta bigarrena Beaskoetxea-Irastorzarekin lehiatu beharko da final atarikoan. Finalerdia Gernikan jokatuko dute, hilaren 22an, eta Hondarribitik kanpo egingo den partida bakarra izango da.
Lehen lehian bezala, txapelketako partida guztien sarreraren prezioa 12 eurokoa izango da eta paella eta ardo dastaketa sartzen da prezioaren barruan.