Hondarribia Blues Jaialdiko kontzertu pedagogikoa kirol kaian izango da aurten. Lehen aldia izango da eremuetako bat kirol kaian muntatzen dutela eta Carlos Malles ekitaldiaren zuzendariak HITZAri kontatu dionez, maila handiko saioa izango da: “Kontuan izan Sugaray eta Mannish Boyseko musikariak ariko direla haurrentzat. Musika kalitateari dagokionez izugarria izango da. Beste urte batzuetan eduki izan ditugu Chicagoko musikariak, baina aurten nik uste gehiago izango dela, eta gainera Sugaray egongo da eta haurrekin oso-oso ondo moldatzen da. Oso dibertigarria izango da”.
Sugaray Rayfordek irakasle lanak egingo ditu
Joan den igandean The Romanticos talde gipuzkoarrak jo zuen kirol kaiko terrazen parean, blues jaialdiari lotutako kontzertuan, baina hilaren 14ko goizean egingo duten kontzertu pedagogikoa ez da kokapen berean izango, terrazen albo batean baizik. “Haurrentzat lekua behar da eta horren arabera jarriko dugu eszenatokia. Leku handia izango da haurrak ondo egoteko, baina ez da terrazetatik urruti geratuko eta gurasoek bertatik zaindu ditzakete umeak”, azaldu du Mallesek.
Hondarribia Blues Jaialdiko zuzendariak aitortu duenez Jaurlaritzak eremu bat kirol kai inguruan jartzea eskatu du eta jaialdiaren filosofiarekin bat dator hori: “Eusko Jaurlaritza indartsu sartu da babesle bezala eta kirol kaia promozionatu nahi zuen, beraiek kudeatzen dutelako, Euskadiko kirol Portuak erakundearen bitartez. Gure asmoa denez jaialdia herrian zehar banatzea, ondo datorkigu eremu bat han jartzea, kirol kaian”.
Igandean, 11:30ean izango da Hondarribia Blues Jaialdiko kontzertu pedagogikoa. The Mannish Boys taldeko kideez osaturiko Delta Groove Harp Blast taldea igoko da taulara, Sugaray Rayford abeslari bikainarekin. Haiekin, blues musikari buruz ikasteko aukera izango dute haurrek eta, armoniken laguntzarekin bat baino gehiago jarriko da Mississippin bezala dantzan.
Hilaren 12an, ostirala, blues jaialdiari buruzko erreportajea argitaratuko du Oarso Bidasoko Hitzak.