Oarsoaldea Garapen Agentziak jakinarazi du Global Training programan parte hartuko duela, eta horren arabera, nazioartean lan praktikak egiteko hamar beka emango dituzte: sei hilabeterako izango dira beka horiek, eta 30 urtetik beherakoentzat dira. Garapen euskal garapen agentzien elkartearen bitartez gauzatuko dira bekak, eta Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak bultzatu du. Garapenen partaide da Oarsoaldea.
Europan eta Hego Amerikan egin daitezke praktika horiek. Eskatzaileen ikasketa profiletan, berriz, honakoak lehenetsiko dituzte: ekonomialariak, ingeniariak, soziologoak, turismo ikasketak egin dituztenak, biologoak, gizarte lanean edo psikologian lizentziadunak, elektronika alorrekoak, automatizaziokoak, mekanikoak, edo goi mailako teknikariak.
Beka horietako bat lortu nahi dutenek
garapen agentziaren webgunetik lor dezakete eskaera orria; hori bete, eta dokumentazio guztia hilaren 15a baino lehen entregatu behar da Oarsoaldeak Oiartzunen dituen bulegoetan (Mamuten). Informazio gehiago lortzeko honako telefono zenbakira dei daiteke: 943 49 41 29.