Iazko Arditurri Eguna
Arditurri Eguna izango da heldu den igandean, hilak 13, hirugarren aldiz. Aurten, gainera, berritasunekin dator eguna.Eguerdian Castrillon herriko (Asturias) udal ordezkariak hartuko dituzte eta udaletxean harrera ofiziala egin eta gero, Oiartzungo erdigunea erakutsiko diete.
Castrillonen Arnao izeneko meatze gunea dute eta errekurtso turistiko gisa jarri dute, hil honetan zabalduko dute, hain zuzen. Oiartzungo meategia bezala, Arnao meategia Real Compañia Asturiana de Minasek kudeatu zuen.
Arnaok hainbat berezitasun ditu: Europan bertikalki zulatutako lehenengo meatzegunea izan zen eta galerietako bat zuzenean itsasora iristen zen. 1915ean itxi zituzten, hain justu itsasoko urak hartu zituelako meatzeak eta 2007an udalak jabetza eskuratu ondoren, turismora begirako obrak egin dituzte. Arditurri Egunean, beraz, bi herriek meatzeen esperientzia komuna trukatzeko aukera izango dute.
Prezio murriztuak, museoen erakusketak eta musika
Arditurrin bertan egun guztian izango da zer gozatua. Meategiak prezio murriztuak bisitatu ahal izango dira; oinarrizko bisita bi euroan ikusi ahal izango da, eta meategia sakonean, hiru euroan. 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara izango da hori.
Oarsoaldeko museoek, bestalde, laguntza berezia emango dute. Luberri Ikasgune Geologikoak, Soinueneak, Itsasgelak eta Ondartxok erakusketa bana eramango dute Arditurrira euren lana eta eskaintza erakutsi asmoz. Horrez gain, saio eta tailer praktikoak emango dituzte.
11:30ean, Luberriko Jose Angel Torresek Mineralen bila izeneko irteera gidatuko du; gainera, Arditurriko sarrera erakutsiz gero, Luberri doan bisitatzeko aukera izango da (10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara).
Musika ere izango da, zuzenean gainera. Goizean dultzaina taldea ibiliko da giroa alaitzen eta 16:00etatik aurrera, erromeria izango da.