Irungo etxez etxeko laguntza zerbitzua greba mugagabean dago gaurtik
Irungo etxez etxeko laguntza zerbitzua egiten duen Arquisocial enpresako 51 langileek greba mugagabea egiten hasi dira gaur.
Duela hiru hilabete enpresak langileei jakinarazi zien indarrean dagoen lan hitzarmenetik deskolgatzeko eta langileen soldata %20 jaisteko asmoa zuela, baina erabaki hori lan hitzarmenak horretarako jasotzen duen prozedura jarraitu gabe hartu omen zuen. Langileek hori salatzen dute eta enpresak Irungo udalarekin duen kontratua abenduan amaitzen dela gogorarazten dute, hau da, enpresak bere kabuz hitzarmenari uko egin eta bost hilabetera.
Horregatik, lan gatazka bideratzeko inplikazioa eskatu dio Amaia Bengoetxea ELA sindikatuko ordezkariak udalari gaur goizean eginiko agerraldian: “Udal administrazioak iaz tarifen berrikuspen bat burutu zuen, erabiltzaileek ordaintzen duten tasa izugarri igoz, eta horrek ondorio bezala etxez etxeko laguntza zerbitzuan kontratatutako ordu kopurua jaistea ekarri zuen. Halere, igoera horrek ez du inolako eraginik izan langileen lan baldintzetan, euren baldintzak arautzen dituen hitzarmen kolektiboa lehenagotik indarrean dagoelako”.
Pertsonekin lanean
Arquisocial enpresako Irungo langileak “kezkatuta” daudela esan dute gaur goizean. “Arlo berezia da, pertsonekin egiten dugulako lan. Hori badakigu eta horregatik egin zaigu hain zaila erabaki hau hartzea”, esan dute gaur goizean. Gaur jakinarazi dutenez, enpresako langileen hamaretik bederatzik bat egin dute grebarekin, eta eragina handia izango da, nahiz eta zerbitzu minimoak ere handiak diren.
Bengoetxeak azaldu duenez, gizarte eta osasun arloko lan gatazketan zerbitzu minimoak “oso altuak dira, eta greba eskubideari kalte egiten dio horrek”. Horregatik denagatik, greba egiteko erabakia har zezaketen “azken neurria” izan dela esan du eta udalarekin elkartzeko premia azaldu du. HITZAri esan dionez, asteazkenean bertan izango dute udal ordezkaritza batekin elkartzeko aukera.