Hondarribia Blues Jaialdiaren aurtengo ekitaldia hasteko ezer gutxi falta denean, iazkoak izan duen eragin ekonomikoaren berri eman dute. Hondarribiko udalak, Bidasoa Bizirikek bitartez, eta Ikei enpresak eginiko azterketaren arabera, 70.000 lagun bildu zituen jaialdiak eta 2,76 milioi euroko eragina izan zuen.
Aitor Kerejeta alkateak nabarmendu du blues jaialdia “altxorra” dela. “Aurten 8. ekitaldia izango da, eta esku artean benetako altxor bat daukagula esan daiteke”, esan du alkateak. Azterketak ere dio bisitari bakoitzak 37,6 euroko gastua egin zuela bataz beste, batez ere ostatu hartzean eta jatetxeetan, eta herritarrek 26,1 euro.
Carlos Malles jaialdiaren zuzendariak azaldu duenez, etortzen diren hamar lagunetik hiru (%31) jaialdi osorako etorri zen iaz eta 15.000 lagun EAE kanpotik etorri zirela nabarmendu du. “Jende gehien etorri zen eguna larunbata izan zen (%80), horren atzetik igandea (%61) eta ostirala (%44)”. Lehen aldia ote zen galdetuta, blues jaialdira iaz etorri zirenen %34rentzat lehen aldia zela erantzun zuten, hau da, “azterketak azaltzen du Bluesaldiarekiko fideltasun handia dagoela, %65ek baino gehiagok diolako aurretik ere etorri direla, bataz beste hiru aldiz”.
Egindako azterketaren arabera, jaialdiaren ezaugarriak honakoak direla: Nazioarteko kalitatezko eskaintza, jende guztiari zuzendua, doako ekimena eta ingurune zoragarrian egindako ekimena. Ikei enpresak egindako azterketak blues jaialdiaren eskaintza musikalari bataz beste 8,5eko balorazioa ematen diola jakinarazi du Mallesek. Eskaintza musikalak eta ingurunearen kalitatean lortzen du jaialdiak nota onena eta, aldiz, arraio publikoan eta aparkalekuan, txarrena.
Jaialdiaren balorazioa (10etik)
- Eskaintza musikala: 8,5.
- Udalerriaren ingurunea eta kalitatea: 8,8
- Kontzertuetarako instalazioak: 8,2
- Ostalaritzako eskaintza: 8,1
- Garraio publikoa: 6,6
- Iristeko bideak eta aparkalekua: 5,2.