"Gogobeteta" alardearen bilakaerarekin, "lotsaz, penaz eta sumin" erasoekin
Alarde Parekideko juntak San Martzial Egunean egin zuten desfilearen balorazioa egin du. Pozteko moduko arrazoiak badaudela esan dute, “gogobeteta” daude, “alarde hunkigarri eta zirraragarria egin dugulako”. Baina Kale Nagusian arratsaldean izandako istiluek “lotsa, pena eta sumina” sortu dute euren artean.
17 urtez Alarde Parekidea egitea “garaipena” da bertako juntarentzat. Ez bakarrik urterik urte parte hartzea gora doalako eta Alarde Parekidea indarra hartzen ari delako, “berdintasunari bai esan eta desfilatu dutenera ere da garaipena, bai eta espaloitik, aspaldian edo arestian, laguntza, goxotasuna eta babesa” sentitzen dutelako ere, “jaietan berdintasuna lortzea helburu zuzen eta desiragarria dela-eta konpromisoak merezi duela ulertu duen herritar guztiona da garaipena”. Bide horretan, aldundiari, Arartekoari eta Emakunderi ere eskerrak eman dizkiete, “haien laguntza instituzional eta ekonomikoagatik”.
Baina alde iluna Kale Nagusian, arratsaldeko desfilean dagoela nabarmendu dute. Bertan izan ziren liskarrengatik “lotsa” sentitu dutela aitortu dute, “hau guztia gure hirian gertatzen delako”; “pena” sentitzen dutela ere esan dute, “erasotzaile gehienak eta bortitzenak berdintasun garaian jaiotako emakume gazteak direlako”; eta “sumin” ere daudela esan dute, “EAJ, PSE-EE eta PPren babesa dutelako erasotzaileek, eta bereziki Jose Antonio Santano alkatearena”.
Era berean Alarde Parekideko juntak esan du liskarretan Ertzaintzak ez zuela “zuzen” jokatu, “ez zen asko ahalegindu bere lana betetzen; aitzitik ere, ertzain batzuek abagunea baliatu zuten Alarde Parekideko kideak, adingabeak eta guzti, jipoitzeko”.
Horregatik guztiagatik PSE-EEri, PPri eta EAJri, nahiz Irungo Udalari eskatu diote behar adina neurri har ditzatela, “askatasun eta osotasunaren aurkako jokabide horiek behingoz bazter daitezen, hiri osoa lotsarazten baitute”.