Garaipen historikoa lortu du Oiartzunek
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finala jokatu zuten atzo Donostiako Atano III.ean Oiartzunek eta Tolosak eta herriko taldea izan zen txapela burura eraman zuena, Tolosari 1-2 irabazi eta gero. Lehenengo partida, Kadete Mailakoa, tolosarrek eraman zuten, erraz gainera, 22-6 gelditu zen markagailua. Bigarren partida, emozionanteagoa izan zen; batetik partida bera biziagoa izan zelako eta bestetik urduritasuna pil-pilean zegoelako. Oiartzunek galduz gero, akabo finala eta hirugarren partida irabazita ere berdin-berdin. Baina Oiartzunek 7-22 irabazita markagailua 1-1 jarri zen eta horrek xarma eman zion finalari.
Azken partidak tanto politak ikusteko aukera eman zuen eta oiartzuarrek oso erraz menderatu zituzten tolosarrak, 3-22 geratu zen markagailua.
Oiartzungo zaletuak ez ziren atzean geratu eta euren animoak oso baliagarriak izan ziren pilotarientzat. Horrela ba, garaipen historikoa lortu du Oiartzunek, lehen aldia izan baita Gipuzkoako finala jokatu duela. Jokatu eta irabazi, gainera.