Larunbatean Erromeria Egunak Errenteria-Oreretako kaleak, dantzaz, musikaz eta abarrez beteko ditu. 1999 urtean hasi zen Ereintza Dantza Taldea erromeria menditik kaleetara eramaten. Antolakuntza lanetan ari den Pello Urreagak adierazi duenez, Erromeria Egunaren helburua ez da dantza ikuskizunak bakarrik eskaintzea, “baizik eta jendeak parte hartzea”.
Urtez urte egitaraua antzeko izaten ohi da, baina beti berritasunak sartzen saiatzen direla berretsi dute antolakuntzakoek. Horrela, arratsaldean Gamon Zumardian egingo den erromeria nagusian, Arkaitz Miner biolinista errenteriarra jotzen ariko da, esku soinua eta perkusioa lagun dituela. Urreagak zehaztu duenez, “garai bateko erromerietan jotzen zuten biolina”. Horrez gain, orain dela hiru urte berreskuratutako soka dantza ere oroitarazi du.
Musika eta dantza bakarrik ez dira izango larunbateko protagonistak. Eguerdiko herri bazkarian ere “giro aparta” egoten dela esan du Mila Alberrok. Orereta Ikastolak Koldo Mitxelena plazan duen egoitzan egingo dute. Jada jarri dituzte salgai txartelak, 15 euroren truke (hamar euro gazteenek), ondoko tokietan: Belen Gozotegian, Paki Dietetika Zentroan, Arkaitza tabernan eta Ereintza elkartean.
Txorimaloak, Triki Sound, Estanga anai-arrebak eta Errenteria Musikaleko trikitilariak izango dira herriko kaleetan zehar. Horrez gain, Alkarkide txaranga, Errenteriako gaiteroak, Oarsoaldeko txistulariak, Zubietako joaldunak eta Txertubi eta Aiko taldeak izango dira. Honakoa da egitaraua:
- 10:00etan: Diana.
- 11:00etan: Hamaiketakoa Koldo Mitxelena plazan.
- 12:00etan: Musikariak eta dantzariak kalez kale ibiliko dira.
- 13:15ean: Neskatxen soka dantza Gamon Zumardian.
- 14:30ean: Herri bazkaria Koldo Mitxelena plazan.
- 18:00etan: Erromeria nagusia Gamon Zumardian eta kaleetan.
- 19:00etan: Aiko taldea Gamon Zumardian.