Ostiral goizaldeko erasoa salatu du Antxoko Jai Batzordeak
Ostiral goizaldean eraso bat izan zen Antxoko sanferminetan. HITZA-k jakin ahal izan duenez, talde bat azaldu zen burua kaputxekin estalita, eta beisboleko bateak eskuan zituztela. Gizon bat erasotu zuten, eta buruan zauritu zuten. Donostia ospitalean dago. Antxoko Jai Batzordeak eraso hori salatu du, eta horrelako jokabideak eta jarrerak ez dituztela euren artean nahi adierazi dute.
Jaiak ondo pasatzeko direla gogorarazi du, eta denek “berdintasunean eta errespetuan gozatzeko” eginak direla. “Ez dugu ulertzen eta ez dugu ulertu nahi inork jaiak zapuztu nahi izatea”, gaineratu du.
Bukatzeko, erasotuari eta euren senideei “euren babesa eta elkartasun osoa” adierazi die.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, gertakariak argitzeko ikerketa egiten ari da.