Herrira-k abiatutako Herri Epaia ekimena atzo heldu zen Errenteria-Oreretara, eta horren harira Biziarteko espetxe zigorrari amaiera emateko eskatu zuten atzo arratsean hamarnaka lagunek. Idoia Arbelaitzek eman zion hasiera Herriko Enparantzan egin zen ekitaldiari, eta elkarte, eragile zein norbanakoak 197/2006 doktrinaren gainean idaztera gonbidatu zituen. Doktrina ezarria duten euskal presoen herrietatik pasatzen ari den koadernoaren orrialde zuriak, hamaika kolore eta mezuz zipriztitzen hasi ziren berehala, denak ildo berean, doktrina bertan behera uzteko eskatzeko.
LAB sindikatuko kidea izan zen mezua idazten lehena, eta Touring futbol taldeko jokalarien argazkia heldu zen ondoren. Baloiaren atzean beharrean, pankarta atzean zeuden Touringekoak. Doktrina indargabetzeko eta preso gaixoak etxeratzeko eskatzen zuen pankartak, eta Aitzol Gogorza gaixotasun larri eta sendaezina duen Oreretako euskal presoari erreferntzia berezia egin zioten. Javier Peral Touringeko Presidenteak idatzi zuen mezua.
Errenteriako Udaleko Gobernu Taldeko kideek ere bat egin zuten ekimenarekin. Julen Mendoza alkatearekin batera izan ziren Irune Balentziaga, Luisma Diez, Unai Unsuain Bilduko zinegotziak eta Jose Manuel Ferradas Ezker Anitza-IUko zinegotzia. Julen Mendozak martxoaren 8an Errenteriako Udalak Bildu, Ezker Anitza-IU eta EAJ-ren aldeko bozkekin 197/2006 doktrinaren aurka onartutako adierazpen instituzionala txertatu zuen koaderno handian, baita mezu idatzia gaineratu ere: “Bidea egiten ari gara!”.
“Txikierdi” eta “Kixkur”
Elkarte gastronomikoak, gazte mugimendua, Ihes Puntua, Zabalenea Gaztetxea, OARSO BIDASOKO HITZA, Xenpelar AEK Euskaltegia. Talde horiek guztiek ere salatu zuten atzoko ekimenean biziarteko zigorra eta hura bertan behera uzteko eskatu. Baina ez ziren elkarteak soilik izan doktrina bertan behera uzteko eskatu zutenak, norbanako ugarik ere bat egin zuten, Herrirako Manu Ugartemendia edo Errenteriako Kulturgintzan aski ezaguna den Joseba Barriola, tartean.
Koaderno erraldoiaren orrietan leku berezia hartu zuten halaber, Juantxo Lasa Mitxelena Txikierdi, eta Jokin Urain Kixkur Oreretako euskal presoek. Biek ala biek espetxe zigorra luzatuta dute, 197/2006 doktrina ezarri dietelako. Maite Lasak,
Txikierdiren arrebak, presoaren bi argazki jarri zituen koadernoan. Gazte garaikoa zen argazkietako lehena, espetxean ateratakoa bigarrena. Gauza bera egin zuten
Kixkurren argazkiarekin. Bizi osoa espetxean daramatelaren erakusgarri. Izan ere 27 urte bete ditu Jokin Urainek espetxean. Egun Herrera de la Manchako kartzelan dago. Juantxo Lasak 28 urte daramatza espetxean, eta Sevilla II kartzelan dago egun.
Zortzietan, ostiraleroko presoen aldeko kartelada abiatu zen eta ordu erdi beranduago argazki erraldoia egin zuten Herriko Enparantzan
197/2006 doktrina eten lemapean.