Alarde parekidea: "Eraso eta irainek lotsa, pena eta sumina sortzen digute"
Alardeak eman zuenaz, “pozik” sentitu da Alarde Publikoko Batzordea, baina oraindik, Kale Nagusian, eraso eta irainak jasan behar izaten dituztela salatu du. Hori “onartezina” dela esan du: “Lotsa, pena eta sumina sorrarazten digute”.
Ertzaintzak, berriz, ez duela alardea askatasunean egitea “zaindu eta bermatu” esan du, “baizik eta gainera, bertako hainbat kidek Alarde Publikoko parte hartzaileak erasotzeko baliatu dute”.
Hori euren hirian gertatzeak “lotsarazten” dituela esan du: “‘Euren kontra’ oihuak eta irainak beste garai batekotzat har daitezke; Irunen, eta Kale Nagusian entzungo ez bagenitu”.
Pena ere sentitzen dutela adierazi du, “talde aktiboena emakume gazteak direlako, berdintasuneko garaian jaio direnak. Eurek gizonek dituzten aukera berak edukitzeko beste emakumeek pairatutako mina eta sufrimendua mespretxatzen dute”.
Azkenik, samina, “EAJ, PSE-EE eta PPk babesten dutelako, eta Irungo alkate Jose Antonio Santanok”. Alarde parekideak ere kritikatu du “herritarren askatasuna eta duintasuna kaltetzen duten ekintza horiek salatu ere ez dituztela egiten”.
Zentzu horretan, hiru alderdiei eta Irungo Udalari jarrera horiek atzean uzteko neurriak hartzeko eskatu die.
“Hasitako bideak ez du atzera bueltarik”
17 urtetan lortutakoaren ondoren, helburua “lortu” dutela adierazi du alarde parekideak: “Ibilbideak ez du atzera bueltarik eta hori izango da etorkizuneko alardea”.
Garaipen hori ez dela Alarde Publikoaren Batzordearena bakarrik nabarmendu du, baita alardean parte hartu dutenena ere, eta espaloietan euren “babesa eta beroa” eman dutenena.
Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Arartekoari eta Emakunderi eskerrak eman dizkie, “babes instituzional eta ekonomikoarengatik”.