Udal euskaltegiaren ondoko pasabidea “egoera tamalgarrian” dago PSE-EEren iritziz.
Errenteriako Udalak bi urteen kudeaketaren balorazioa egin ondoren, Errenteriako PSE-EEk bere irakurketa egin du: “Udalaren gestioa txarra izan da, eta herritarren intereserako kaltegarria”. Beste gobernatzeko modu bat erakutsi duela esan du, “baina dekretazo, alkaldada eta inposaketekin”.
Udalak lantzen dituen alor guztietan egindako kudeaketa kritikatu ditu PSE-EEk. Zehazki, udalak aurkeztutako plan estrategikoa, “kezko gortina” bat dela adierazi du, “euren gestio txarra ezkutatzeko”. Zentzu horretan, plana bukatu aurretik “abentura hasi aurretik esaten zuena mahai gainean jarri” duela esan du, “polo kultural bat, bere txosten zabala publizitate eta marketin hutsa dena”.
Eraikiz bultzatu arren, gero “kudeaketa baztertzailea” egin duela iritzi dio talde sozialistak, Irritxoen Egunari erreferentzia eginez. Horrez gain, jai batzordearen dokumentazioa ere kritikatu du, eta bertan egiten ziren adierazpenak “larriak” izan zirela esan du, “xenofobo eta baztertzaileak”.
Kabia ere aipatu du PSE-EE: “Azkenean garestia eta momentu batzuetan baldarra izan da”. Bizilagunen kexak entzun dituztela adierazi du, eta “presioa” eragin zaiela “isilik mantentzeko”.
Kultur ekipamenduak
Beste ildoetako bat kultur ekipamendua izan da, eta udalaren diru kutxa, “arriskuan” jartzen dutela uste du talde sozialistak: “4 milioi euro inbertitu nahi dituzte dantzarako toki berria eta auditoria eraikitzeko. Badaude beste aukera merkeagoak, eta espazio libreak daude Niessen eta Errenteria Musikalen”. Udalaren proiektuetarako diru laguntzak ez direla kontuan hartzen gaineratu du, eta ez duela gainontzeko taldeekin adostasunik lortu.
Santo Angel de la Guarda eraikinarekin ere “gauza bera” egin nahi duela esan du, eta horrek udalaren diru kutxari 543.000 euroko gastua eragingo diola, “erakunde pribatu baten mesederako eta konparaziozko bidegabekeria sortuz”.
Azkenik, herri mantenuaren arloan, hiri altzariak ez dituztela konpontzen edo puskatuta egonda aldatzen adierazi du, “ezta kaleak garbitzen ere”. Eginez gero “berandu” izaten dela esan du: “Erdialdea lotsagarria da, pintada eta pankartak lasai asko jartzen dituzten”.
Udaletxean ere bandera eta pankartak “etengabe” eskegita daude, PSE-EEren arabera.