'Herritarron epaia' Errenteria-Oreretara iritsiko da gaur
Herrira-k antolatuta, 197/06 doktrina salatzeko Herritarron Epaia ekimena egingo dute, gaur, 19:00etatik aurrera, Errenteria-Oreretan. Herriko bi preso daude doktrina horren eraginpean: Jokin Urain (27 urte daramatza espetxean. Egun Herrera de la Manchako kartzelan dago) eta Juantxo Lasa Txikierdi (28 urte daramatza espetxean, eta Sevilla II kartzelan dago).
Herrira-k gogorarazi duenez, Estrasburgoko auzitegiak Ines del Rioren behin betiko epaia ematearen zain daude. Izan ere, 2012ko uztailaren 10ean, Estrasburgoko Auzitegiak agindua eman zuen Del Rio aske uzteko, 197/06 doktrinaren aplikazioak Giza Eskubideen Europako Konbentzioa urratzen duela iritzita. Espainiako Estatuak ez zuen ebazpena onartu, eta gainera, errekurtsoa jarri zuen.
“Epaia emanda” dagoela esan du Herrira-k: “Aspektu juridikoan, Estrasburgon 2012ko uztailean aho batez emandakoa eta eremu sozialean, euskal gizartearen, behin eta berriz eskatu baitu giza eskubideen errespetua eta salbuespen neurrien bukaera”.
Ekimena
19:00etan hasiko dute Herritarron Epaia ekimena. Ondoren, ostiraletako ohiko kartelada egingo dute, eta segidan, 197/06 doktrina eten lelopean, argazki erraldoia aterako dute.