Errenteria eta Lezoko EA, elkarrekin
Errenteria eta Lezoko EAk elkarrekin hasiko dute bidea, eta batzorde eragilea eratu dute. EAren Biltzar Nagusiak ireki die horretarako bidea. Orain arte, bi herrietan indibidualki lan egiten zuten, Oarso Bidasoko beste herrietan bezala.
Bi herriak batera joatea “berrikuntza” dela aurreratu du taldearen koordinatzaile izango den Mikel Carcedok. Gainontzeko karguak honako hauek hartuko dituzte: Luis Garrido (idazkaria), Garazi Lopez de Etxezarreta (diruzaina), Juanjo Agirrezabala eta Marikarmen Gastaminza (bokalak).
Ibilbide horrekin lotuta, hurrengo astetik aurrera eragile politiko eta sozialekin erronda bat egingo dutela jakinarazi du Carcedok.
Bilduren bidearekin “adostasunez”
Bildu koalizioaren barruan, EAk ordezkaritza dauka Lezo nahiz Errenteria-Oreretako udaletan. Bi kasuetan Bildurena da udal gobernu taldea. Legegintzaldi erdia pasatu dela kontuan hartuta, Bildu koalizioak daraman ildoarekin bat egiten duela nabarmendu du Carcedok: “Politika egiteko modu berriak ikusi ahal izango ditugu azken bi urteetan, parte hartzeko aukera berriak eskainiz herritarrei eta eraldaketa politikoa zein soziala abiaraziz”.
Norbaitek EAren parte egin nahi izanez gero harremanetarako telefono zenbaki bat jarri dute: 943 02 01 30 (goizetan eta 14:00etara arte). Etorkizunera begira, “justizia sozialen oinarritutako Euskal Herria” sortzeko lana egingo duela adierazi du Carcedok, eta estrategikoki EH Bilduren aldeko “apustu garbia” egiten duela.