Ttur-Tturreko kideak atzo egindako agerraldian
“Eredu honek ez du bermatzen ikastetxeek ikasle euskaldunak heztea”. Ttur-ttur Euskaltzaloen Bilguneak argi du Hezkuntza marko hirueledunak ingelesa indartu eta euskara ahultzeko helburua duela.
Haurtzaro Ikastolak orain hiru urte jarri zuen martxan proiektu hori eta bilguneak bere desadostasuna adierazi zioen ikastolako zuzendaritzari: “Gaia Kontseilu Errektorean lantzea eta proiektutik ateratzea eskatu genion. Gure iritzia presente egotea nahi genuen”. Oraindik, ordea, ikastolak ez diola erantzun esan dute Ttur-tturreko kideek: “Haurtzarok eduki duen jarrera ez zaigu batere zuzena iruditu. Bestalde, uste dugu isiltasunarekin ez dela deus konpontzen”.
Hiruele eredua B eredura hurbiltzen den eredua dela nabarmendu dute.
Arduraz jokatzeko eskaera
“Agian herritar batzuk pentsatuko dute Oiartzunen proiektu pilotu honek ez duela halako kalte handirik eragingo, gure haurrak euskaldunak izaten jarraituko dutela”, adierazi dute. Dena den, hezkuntza eragin-gune handiena dela uste dute eta hezkuntzako erreformek kalte handiak sor ditzaketela: “Horregatik eskatzen diogu Haurtzaro Ikastolari arduraz jokatzeko”.
Oiartzungo euskalgintzari “ezinbestekoa” iruditzen zaio benetan euskalduntzen duten ereduak martxan jartzea eta euskal herritar analfabetoak sortzen dituzten ereduak ez dituztela onartuko esan dute. Eleaniztasunaren aurka ez daudela argi utzi nahi izan dute eta bide horretatik Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak euskalgintzaren babesarekin aurkeztu zuen Euskaldun eleanitzak sortzen proposamenari babesa ematen diotela azaldu dute: “Ez ditugu herritar eleanitzak nahi, euskaldun eleanitzak baizik”.