
Artista Hondarribiko etxean, HITZAk elkarrizketa egin zionean
Hondarribian bizi den Nestor Basterretxea artistak jasoko du 2013ko Gipuzkoako Urrezko Domina. Hala erabaki du Diputatuen Kontseiluak eta duela minutu gutxi Ahaldun Nagusi Martin Garitanok eman du horren berri: “1924ean Bermeon jaioa, gazte-gaztetatik Gipuzkoan errotua, zalantzarik gabe XX. mendeko euskal artistarik gailen eta aipagarrienetako bat da. Hala, 1940ko hamarkadan margolaritzan hasi zenetik, eskulturgintzan bukatu zueneraino, lan ugari egin ditu hainbat eremutan, hala nola zineman, diseinuan, arkitekturan eta hirigintzan, argazkilaritzan eta idazkuntzan. Beraz, Basterretxeak erakutsi du artista osoa dela, diziplina itxien mugetatik haragokoa”.
Artista bezala izandako bilakaeraz gain, pertsona konprometitua izan dela nabarmendu du Garitanok: “Nestor Basterretxea beti izan da pertsona bat bere herriarekin konprometitua, eta parte hartu izan du gizarte eta kultur ekimen ugaritan, hala nola Euskal Filmategiaren sorreran; arte-aholkulari gisa gerra osteko lehen Eusko Jaurlaritzan, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko zuzendaritzan; Donostiako Andia kaleko Kutxa Aretoaren birmoldaketan…”
Horregatik guztiagatik, 2013ko Gipuzkoako Urrezko Domina jasoko du Basterretxeak, “erakutsitako konpromiso eta elkartasunagatik, eta Gipuzkoaren irudi bikaina zabaltzeagatik. Hain justu, Gipuzkoako Urrezko Dominarekin aipatu ditudan balore garrantzizko horiek sustatu eta gauzatzeko Nestor Basterretxearen konpromisoa aldarrikatzen ditu publikoki Gipuzkoako Foru Aldundiak”, gehitu du Ahaldun Nagusia.
Urrezko plakak ere
Urrezko dominaz gain, 2013ko Gipuzkoako Urrezko Plakak ematea erabaki du foru aldundiak. Bi izango dira, eta Egin eta Euskaldunon Egunkaria komunikabideek jasoko dituzte.