Landetxako konpainiako bi kide, erasoa jasan ondoren
Alarde Parekideko Landetxa auzoko konpainiak salatu du aurten, “berriro ere”, San Martzial Eguneko desfilean erasoak jasan dituztela, eta “erasotzaileen zigorgabetasuna” deitoratu dute: “Salatu nahi dugu jai egun hauetan pairatzen dugun indarkeria, genero indarkeria dela; hau da, emakumeen eta gizonen arteko harreman desorekatuak bultzatzen dituen sistemaren biolentzia”. Hala, konpainiako kideek aipatu dute Kale Nagusian oihu eta irainen artean jaitsi zutela, “eta pertsona batzuek haien edariak gure konpainiako kideen gainean jaurti zituzten. Ondoren, konpainiako kide batzuk kolpatu zituzten. Indarkeria fisikoa, psikologikoa eta hitzezkoa jasan behar izan dugu”. Horregatik, hainbat eskaera egin dituzte Landetxako kideek, eta horien artean Jose Antonio Santano alkateari esan diote “begiak irekitzeko, gizalegeaz eta errespetuaz hainbeste hitz egiten duen heinean”. Alardea “bakean eta pozik” bizi nahi dute, “berdintasunean, eta indarkeriak orain arte utzi ez digun gauza normal eta natural bat egin ahal izatea”.
Zigorgabetasunaren gaiarekin esan dute “erasotzaileak babestuta sentitzen direlako” egiten dituztela erasoak, eta “era indiskriminatuan” egiten dituztela eraso horiek, “emakumeei, gizonei, adingabeei…”. Alta, “ordena publikoa ziurtatu behar dutenek, ordena apurtzen dutenen neurririk” hartu ez izana salatu dute Landetxako kideek.
Gainera, esan dute eraso horiek arratsaldeko desfilean gertatzen direla, “autoritateak eta kazetariak ez daudenean”, eta horregatik hurrengo eguneko prentsan bi alardeak “normaltasunez eta istilurik gabe ospatu direla” agertzen dela: “Nori interesatzen zaio dena ondo atera dela sinestaraztea?”.