Gazte batzuk egitasmoan parte hartzen, iaz
Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuak Hondar Kirolak egitasmoa abiatu zuen atzo, aurten bederatzigarrenez. Gazteriako zinegotzi Txomin Sagarzazuk azaldu duenez, “proiektua hondartzako udal instalazioetan kirol animazioak eskaintzean datza” eta, gazteei, aisialdi osasuntsuan oinarritutako topaketa eta parte hartze esparru bat eskaintzea du helburu. Aurten berrikuntzarekin dator Hondar Kirolak egitasmoa, Zerbitzuko teknikariekin udalerriko gazte boluntarioen laguntza izango dutelako, esparrua kudeatu eta dinamizatzeko aukera izango dutenak. Programarako propio jarritako etxolan izango dira eta bertan informazioa emango dute eta ekintzetarako elkargune ere izango da.
Sagarzazuren arabera, teknikarien eta boluntarioen zeregina futbol eta boleibol partidak antolatzea izango da batez ere, baina, “era berean, eskatzen duten gazteentzat kirol materialen mailegua ere egongo da. Hondar Kirolak asteartetik ostiralera egiten da, arratsaldeko lauretatik zortzietara, uztailean zehar. Hasiera data atzo izan zen eta datorren uztailaren 24 arte garatuko da”.
Hilaren 24an amaituko da aurtengo programa, egun horretan eta aurrekoan egingo den boleibol txapelketa batekin.Fortuna Kirol Klubak eta Gipuzkoako Boleibol Federazioak lagunduko dute antolakuntzan eta “parte hartu nahi duten gazte eta koadrila guztiei irekia” egongo dela gaineratu du Sagarzazuk.
Hori ez da izango aurtengo Hondar Kirolaken ekintza berezi bakarra: hilaren 10ean Hondarribiko HS2 elkarteak paddle stand up ekitaldia izango da, 16tik 19ra hondartza futboleko laugarren txapelketa egingo dute eta hilaren 17arako hondartza hockey erakustaldia antolatuko dute, Realeko emakumeen Belar Hockey taldeko jokalarien parte hartzearekin.