
Seinaleak jarrita daude sarbideetan
Jaizkibel mendiko sarbideak autoentzat itxi ditu Hondarribiko Udaleko Landa Garapeneko sailak eta itxita egongo dira irailaren 31 arte. Juan Luis
Kalixa Silanes zinegotziak azaldu duenez, udaro ixten dituzten mendiko bideak, bisitari askok neurririk gabe erabiltzen dutelako ibilgailua mendian: “Ezinbestekoa zaigu uda iristen denean bide hauek ixtea, jende askok automobilarekin edonora heldu daitekeela uste duelako. Mendia errespetatzea nahitaezkoa da eta horrelako neurriak hartu behar dira. Motorra duten ibilgailuek ezin dute pistetara sartu, baimendutako autoek izan ezik. Gainera, eskatzen da bideen itxieraren aurrean autoak ez aparkatzea, bestela emergentzia bat dagoenean ezin baita aurrera egin”.
Ibilgailuekin bezala, txakurrekin izaten dira arazoak eta, horregatik, animaliak lotuta eraman behar direla gogorarazten duten seinaleak daude Jaizkibelen. “Txakurrarekin mendira doanak lotuta eraman behar dituela gogorarazteko seinaleak jarrita dauzkagu. Guztion eskutan dago errespetua mantentzea. Askok lotuta eramaten dute, behar den moduan, baina asko dira oraindik ere lotu gabe eramaten dutenak, eta horrek arazo asko sortzen ditu”, gehitu du Silanesek