Kutxabankek martxoaren 8tik familiei erantzun ez diela salatu dute
Familia asko ari da krisiaren eraginez etxerik gabe geratzen, eta Hondarribian ere gertatzen da hori, bertako familia gehienek drama horiek ezkutuan eraman nahi duten arren. Une honetan herriko bi familia dira kale gorrian geratzeko arriskuan daudenak, ezin dutelako etxeko mailegua ordaindu, eta haiekin elkartasuna adieraziz San Pedro kalean Kutxabankek duen sukurtsala okupatu dute Bidasoko Stop Kaleratzeak plataformako kideek eta hainbat herritarrek, entitate horrekin baitute hipoteka bi familiek.
Plataformatik azaldu dutenez, bi familia horiek gutunez helarazi diote Kutxabankeko zuzendariari negoziatzeko prest daudela, baina martxoaren 8tik, gutunak utzi zituzten egunetik, erantzunik ez dute jaso eta “bitartean mailegua ez ordaintzeagatik interesak handitzen” doazela salatu dute.
Krisiak herriko familiei ere eragin die
Gaurko protestaldiak Kutxabank erakundeari familiekin negoziatzera behartzea izan du helburu, eta eskaera zehatz bat ere egin diote banketxeari, maileguaren ordainketan bi urteko etenaldia onartzea, bi familien egoera ekonomikoa zuzendu ezean.
Hondarribian krisiak egoera zailak sortzen dituela ere erakutsi nahi izan dute gaurko ekintzarekin. Hala, etxe gabetzeen kontrako plataformako kideek jakinarazi dute 500 herritarrek jo izan dutela Caritasera janari eske, baina gehienek ez dute eskaera egin Caritasek herrian duen ordezkaritzan, beste herri batzuetan baizik.