Irungo EH Bilduk udal gobernuari alardearen gaian urratsak egiteko eskatu dio
Irungo EH Bilduk San Martzial Eguneko alardearen balorazioa egin du, gazi-gozoa. Batetik, “alardean parte hartu zuten eta jarraitzen egon ziren pertsona guztiak” zoriondu ditu koalizioak, “herriko jaietako egun handian emakumeak berdintasunean parte hartzeko eskubidea aldarrikatu eta bete” zutelako.
Baina udal gobernuaren jarrerarekin, Jose Antonio Santano alkatearen jokabidearekin zehazki, oso kritiko azaldu da. Izan ere, Alarde Parekideari harrerarik egin ez ziolako oso kritiko agertu da EH Bildu, “hori salagarria da”, eta emakumearen parte hartzea berdintasunean “ukatzen” duen alardeari bai harrera egin ziola esan dute. Bide horretan, EH Bilduk esan du “gatazka hau konponbidean jartzeko borondate guztia” daukala, eta udal gobernuari deia egin diote “urratsak egiteko ausardia” izan dezan, “hau berriro gerta ez dadin”. EH Bilduren helburua “gure herritar guztiak berdintasunean hartuko dituen alarde bakarra” dela esan du.
Kale Nagusian izandako gertakariak ere ekarri ditu gogora EH Bilduk, arratsaldeko desfilekoak hain zuzen. Alarde Parekidea kaletik behera zihoala espaloietan zeuden pertsonek “irainak” egin eta “hainbat motako gauzak jaurti” zituztela esan dute, “tentsio uneak sortuz”. Hartara, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak izandako jarrera salatu dute gertakari horien harira, “babestera zetozen pertsonen aurka” egin zutelako.