Garazi alabari opari egiteko gogoz ekin zion Xabier Alegria Lezoko euskal presoak
Ispiluak liburua euskaratzeari. Eduardo Galeano Uruguaiko idazlearen
Espejos liburua anaiak oparitu zion, eta “ihesbideaz” gain, “konpainia” ere aurkitu omen du Galeanoren lanarekin Alegriak. Atzo aurkeztu zuten, urte luzetako emaitza, bost urteko lanaren ordaina eta
Espejos lan bikainak, badu euskarazko
Ispiluak orain, Txalaparta argitaletxearen eskutik.
Donostiako Udal Liburutegi zaharrean aurkeztu zuten atzo liburua Garazi Alegria, Xabier Alegriaren alabak, Mikel Soto editoreak eta Joxe Austin Arrieta itzultzaileak. Argia ikusi bitarte, liburuak egin behar izan duen bide korapilotsuari erraparatu zioten. Izan ere, eskuz itzuli du liburua Alegriak Puerto de Santa Maria III espetxeko (Cadiz, Espainia) isolamendu galeriako ziegatik. “Wi-firik ez dagoela Puerton”, nabarmendu zuen testuak orrazten lagun izan duen Arrietak: “Eskuz egin du itzulpena Xabierrek, ttirriki-ttarraka egunero lanean, eta on line hiztegien laguntzarik gabe. Azkue zaharra, Elhuyar eta Sarasolaren hautazkoa bai, suposatzen dut horiek erabiliak dituzkeela, non eta gainditu ez duen espetxe espainoletan aplikatu ohi duten liburu kopuruaren
numerus clausus hertsi hori”.
Itzulpen “ederra”
Eskutitz moduan, zatika ateratzen joan da urte luze horietan itzulitakoa, euskaratutako hitzei arnas eman nahian, behin zuzenduta berriro ere ziegan hartu eta osatu ahala berriz ere espetxetik ateratzeko. Oztopoak oztopo, itzulpen “ederra” egin duela lezoarrak esan zuen Arrietak, liburua “erraza” ez bada inondik ere, “sakona eta ironiazko esaldiz josia, nik neuk behintzat ez dut inoz erdarazko jatorrizkoarekin konparatu beharrik izan, zentzua argitzeko edo”.
“Aitak beti zuen istorioren bat espetxe izeneko mundu ilun urrun hartan”, nabarmendu zuen Garazi alabak. Txikitan “istorio jale amorratu” zela azalduta, aitak zaletasun hura asetzeko istorio bitxiak biltzen zituela patioan kideen artean gaineratu zuen, “istoriorik ez zegonean, aitak sortzen zituen bereak”.
Liburuak argia ikusi aurretik egin behar izan dituen bidaia amaiezinak ez zituen aipatu gabe utzi nahi izan, halaber. Izan ere euskal presoek komunikazio guztien gaineko interbentzioa dute ezarria, eta hori dela eta Alegriaren eskutitzek “begiluze kuxkuxeroen eragina” jasan dutela nabarmendu zuen haren alabak, “aste luzeak behar zirelarik urrats bakoitzean. Urte luzez idatiztako orri sorta aitak amari postaz bidali, hark ordenagailura pasa eta berriz aitari bidaltzen zion, ondoren aitak zuzenketak egin zitzan eta berriro buelta…”, azaldu zuen.
Alegriaren gutuna
Xabier Alegria bera ez, baina bere hitzak ere izan ziren atzoko aurkezpenean. Hurrengo lerrotan irakur daitezke hitzez hitz Puerto III espetxetik lezoarrak bidalitakoa:
‘Liburu on bat besterik ez duzu behar harresi hauetatik ihes egin ahal izateko. Neroni, behintzat, halaxe ibiltzen naiz’. Hamaika aldiz esana dut esaldi hau barrunbeotan. Anaiak Galeanoren ISPILUAK oparitu zidanetik, ihesbide ez ezik, konpainia ere aurkitu nuen liburu eder horretan, urruti bezain barnetik dakarzkigun oihartzun anitzetan.
Kontu bitxia suertatu zen. Irakurtzen hasi eta barne-mintza ernatu zitzaidan euskaraz, bihotzak gora eta ahotsak ozen. Non eta isolamenduan! Ziegan! Non eguzki printzek nekez gaindi zezaketen leihoan paratutako burdinazko xafla, zulotxo ziztrin haiek argia bera zulatzen zutela.
Baina sakabanaketa ankerrean, eremu diren patio laiotz eta ilunotan, beti sortu ohi da belarrik, baita irri edo ele xamurrik burkide diren lagunen eskutik.
Estrategia bihurri beretik Galeanok sekulako triskantza dagokio botereari, beti goian, beti gailen, beti tinko, betiko eusten duen botere orori. Galtzaile, zapaldu, isildu eta ezabatuen oroitzapena eta mintzoa islaturik paratu ditu Galeanok ispiluotan.
Euskaldunon ahotsa beti zokoratua, baztertua, gutxiagotua izaki, erraz bihurtu zitzaizkidan oihartzun eta euskaraz ziegako bakardadean. Eta Garazirentzako opari izateko gogoz, Euskal Herrirako bidaia burutu zuten eskuizkribu matxinoek, hamaika traba gaindituta. Mundu ugaritako zapaldu ugarien hamaika ahalegin hauen oihartzunaz jantzita askeago izango garelakoan. Izatez eta jakitez.
Itzulpen ahaleginean neroni ere ispilu. Ez dadila hautsi Galeanoren dotorezia, buru-bihotzari hots egitekoa, eta trebezia, sarri ikusitakoa, begi-bistan jarri eta argitzekoa. Korapilo tinkoenari ere, hari mutur batetik tiraka askatzeko duen dohain eder hori eten ez dadin.
Duela gutxi, KUBA telebistaren nazioarteko katean Galeano ikusi ahal izan nuen, Habanako unibertsitatean, aretoa gaztez mukuru, ISPILUAK aletzen aritu zela, bere irakurketa airosoan pasarte bakoitzaren indarra emeki askatzen, eta opari.
Emeki. Indartsu, beraz. Askatasuna erein, behetik gora. Kontraesana, bizitzaren ernamuina. Galeanok horixe esaten digu ispiluotan dir-dir ageri diren galtzaile-txiki-ahantzikoen balentrietan. Orduan porrot izanikoak, gehienak. Askabide eta ozar-haize direnak geroan.
Ele-jostari bikaina gure lagun Uruguaiarra. Haren eskutik badugu ikustekoa, garaipena ez dela inoiz gailen betea, piura huts ez izatekotan. Eta irabazi ere orbelaren artea badela derrigor, basoa bera horretan datza eta horren menpeko.
Ispilu joko horretan euskaldunon euskara ama-hizkuntza birsortu nahian, azken korrikan Ametsek ezin ederkiago esan antzean. Horixe ahalegin eta amets: euskaldun eta aske! Nor bere kolorez izateko eta esateko bidean, egoskortasun betean eta ahalegin hutsez, izan zirenen akorduaz saretzen ari gara etorkizuna. Hemen eta munduan ibilitako urratsak baditugu egun ubera eta iparrorratz.
Haiei guztiei, sentilariei eta menderakaitzei, galtzaile edo ero esan zieten arren etsi ez zutenei,
AGUR eta OHORE
Eta borrokatu zutenei, biziki.
Xabier Alegria, Puerto III