Istrian taldea
Musikirun Irungo III. Maketa Lehiaketa eurena egin dutela esan daiteke. Istrian taldeak publikoaren saria irabazteaz gain, maketa lehiaketa bera ere irabazi dute. Edurne Saizar oiartzuarra (1985) taldekidea oso pozik dago sariarekin, HITZArekin egin duen hitzordura sariarekin azaldu da harro-harro.
Zer esan nahi du sari honek zuentzat?
Honek diskoa debalde grabatzeko aukera ematen digu, bultzada handia da. Bost kantako diskoa grabatuko dugu, kalitatezkoa; bigarren saridunek bost kantu grabatuko dituzte baina maketa moduan, gurea kalitate hobeagokoa izango da. Horrez gain bideoklipa ere grabatuko dugu. Beraz, jendeari ezagutzera eramateko materiala izango dugu.
Noiz hasiko zarete grabatzen?
Printzipioz esan digute iraila aldean edo hasiko garela; orain udara pixka bat arraroa dela eta oporren bueltan hitz egingo dugula. Irunen bertan grabatuko dugu, Phantom estudioetan.
Publikoaren saria ere eskuratu duzue.
Bai, horrekin 400 euro lortu ditugu musika materialerako.
Honek zein ate irekiko dizkizue?
Momentuz ez dakigu. Irekita dugun beste atea Kutxa Kulturrekoa da. Bere garaia bertan aurkeztu ginen eta irailean joko dugu Igeldon. Ekainean kalean jo genuen eta orain Igeldokoa izango da.
Kontzertu batzuk eman dituzue dagoeneko, gainera eszenatoki desberdinetan.
Tabernetan jo dugu, Irungo kontserbatorioan, kalean… Eszenatoki baten gainean jotzea asko gustatu zaigu, baina ez diogu ezerri ezetz esaten.
Herrian ere joko duzue, Xanistebanetan.
Bai, bai. Jon Mikel taldekidea ibili zen Hondarribiko jaietan galdetzen ea jotzerik izango genukeen eta orduan pentsatu nuen, ‘aizu eta zergatik Oiartzunen ez?’. Endika Loiolari eta Beñat Badiolari galdetu nien eta batzordean komentatu zuten eta aurrera da proposamena. Abuztuaren 3an joko dugu, Gozategiren aurretik.
Zein izan da taldearen ibilbidea?
Imanol [Herrero] eta Jon Mikel [Miranda], gitarra eta bateria, beste talde batetik heldu dira. Gero ni sartu nintzen eta baxu-jolea bilatzen hasi ginen. Printzipioz hirurak hasi ginen, kontzertu batzuk atera ziren eta. Baxu-jole batzuk pasa dira baina musikalki ez gara ongi eraman eta orain urtebete eskas beste Imanol [Paredes] azaldu zen eta ordutik laurak gabiltza. Hirutik laura pasatze hori aldaketa oso ona izan da, nik behintzat behar nuen baxua eduki.
Zein etorkizun ikusten diozu Istrian taldeari?
Ba ez dakit… musikaren mundua badakigu nola den, ongi atera daiteke edo bihar bertan utzi. Etortzen dena ongi etorria izango da eta ahal duguna egingo dugu.