Pilotariak eta antolatzaileak, gaur goizeko aurkezpenean, udaletxean
Munduko zesta puntarik onenaz gozatzeko aukera izango da aurten ere Hondarribian, Jai Alive enpresak uztaila eta abuztuko ostiraletan antolatuko dituen partidei esker. Aurten Munduko Pilota Biltzarraren binakako txapelketarekin hasiko da uztaila, ostiral honetan bertan, 20:00etan. Gaur egin dute txapelketaren aurkezpena udaletxean eta bertan izan dira Juan Mari Altuna alkateordea, Kepa Arroitaauregi pilota biltzarreko ordezkaria, Jai Alive enpresako kudeatzaile Iñaki Egiguren eta Hondarribiko Pilotako Eskolaren presidentea, Iñigo Salaberria.
Duela sei urte berritu zuen udalak Jostaldi pilotalekua, eta ordutik zesta puntak lekua izan du bertan, Altunak gogorarazi duenez: “Jostaldi berrantolatu zenetik 2007tik urtetik urtera hitzarmena berritu da zesta punta profesionala Hondarribian izateko. Altunak eskerrak eman dizkie Jai Alive enpresari, Kontseiluari eta “bereziki Hondarribiko Pilota Eskolari, duen jarreragatik”.
Pilota Eskolako presidente Iñigo Salaberriak jakinarazi duenez, “asko izango dira datozen ostiraletan boluntario bezala lanean jardungo duten pilota eskolako kideak, pilotariak, pilotari ohiak, gurasoak…” eta urtean zehar esku pilota eta zesta punta sustatzeko egiten duten lana nabarmendu zuen.
“Ahalik eta onena”
Kepa Arroitajauregik, Munduko Pilota Batzarraren izenean, eskerrak eman zizkion alkateorde Altunari 2007tik udalarekin izandako harremanagatik: “Munduko Pilota Batzarrarentzat Hondarribia beti etxe bezala hartu izan dugu, beti esku zabal hartu gaituzte eta gustura etorri gara”.
Ondoren, txapelketaren nondik norakoak azaldu ditu: “Txapelketa ahalik eta onena prestatzen saiatu gara eta uste dut lortu dugula, eta uztaileko ostiral guztietan munduko zesta puntarik onena ikusteko aukera izango da. Aurten ere lau bikotek jokatuko dute, baina sistema pixka bat aldatuta. Hiru bikotek ligaxka jokatuko dute, bat finalerdietara zuzenean sailkatuta dagoelarik”.
Zortzi pilotaritik sei izan dira
Lehen partida ostiral honetan bertan izango da, 20:00etan. Aritz Erkiaga-Txasio bikotea zein baino zein ariko da Olharan-Ibai Erkiagaren kontra. Partida guztiak Jostaldin jokatuko dira, bat ezik, hilaren 22an Gernikan jokatuko duten finalerdia. Final handia Hondarribian izango da, 26an, ere eta Euskal Telebistak emango du.
Kirola eta gastronomia
Pilotarien arduradunak, Jai Alive enpresako kudeatzaile Iñaki Egigurenek iazko udako arrakasta gogoratzeko hartu du hitza: “Publikoari dagokionez, iazko uztaila oso ona izan zen, eta abuztua bikaina. Aurten oso indartsu abiatuko gara uztailan, Munduko Pilota Batzarraren binakako txapelketarekin, egun binaka aurkitu daitekeen ordezkaritza onena dena”. Jostaldin munduko pilotari onenak ariko direla esan du Egigurenek eta tartean “orain arte haien maila Euskal Herrian erakusteko aukerarik izan ez duten Txasio edo Ibai Erkiaga”.
Partida bakoitzaren sarrera 12 euroan jarriko dute salgai. Herrian, turismo bulegoetan lor daitezke eta ostiralero Jostaldin, 19:00etatik aurrera. Babesleei esker, zesta punta partida baino askoz gehiago sartzen da 12 euro horietan, izan ere, paella jan eta herriko txakolina edo Errioxako ardo beltza edateko aukera izango da sarrerarekin.
Munduko Pilota Biltzarreko Binakako Txapelketa
- Hilak 5, 20:00etan, Jostaldin. Ligaxkako lehen partida: Aritz Erkiaga-Txasio /Olharan-Ibai Erkiaga
- Hilak 12, 20:00etan, Jostaldin. Ligaxkako bigarren partida: Lehen partidako galtzaileak Egiguren-Enbil bikotearen kontra.
- Hilak 19, 20:00etan, Jostaldin. Ligaxkako hirugarren partida: Lehen partidako irabazleak Egiguren-Enbil bikotearen kontra.
- Hilak 22, 17:00etan, Gernikako Jai Alai frontoian. Finalerdia: Ligaxkako bigarren bikotea Beaskoetxea-Irastorzaren kontra.
- Hilak 26, 20:00etan, Jostaldin. Finala: Finalerdiko irabazlea ligaxkako ehenengo bikotearen kontra.