Aulki mugikorreko denboraldia itxiko dute haurrek eta kadeteek Gironan
Asteburuan aulki mugikorreko denboraldiaren pertsiana itxiko dute Banyolesko urtegian (Girona, Herrialde Katalanak), bertan egingo baitute Haur eta Kadeteen Mailako Espainiako Txapelketa. Hondarribia Arraun Elkarteak (HAE) ordezkaritza zabala bidaliko du bertara, eta aurreko asteburuan Sevillan lehiatu ziren gazteen eta seniorren emaitzak berdintzen saiatuko dira. Lau domina lortu zituen arraun elkarteak guztira, zilarrezko bat eta brontzezko hiru.
Orotara 53 talde lehiatuko dira Banyolesen, haien artean HAE eta Irungo Santiagotarrak. Hondarribiko arraunlariak hamasei ontzirekin lehiatuko dira, hiru haurretan (nesken laukoa eta mutilen bikoa eta zortzikoa), eta hamahiru kadeteetan (nesken skiffa, biko bat eta bi lauko) eta mutilen (skiffa, hiru biko, hiru lauko eta bi zortziko). Irundarrek, aldiz, zortzi ontzi eramango dituzte Espainiako Txapelketara.
Garazi Lasarte kontzentratuta
Espainiako Txapelketara joango diren hondarribiarrek Garazi Lasarterekin egoteko aukera izango dute. Gazte Mailako Espainiako selekzioa Banyolasen dago kontzentratuta eta beraiekin dago HAEko oiartzuar gaztea. Abuztuaren 2tik 4ra Lucernan (Suitza) egingo den Gazteriaren Kopa eta hil horren 7tik 11ra Trukai hirian (Lituania) antolatuko duten Gazte Mailako Munduko Txapelketa prestatzen ari dira Banyolasen eta bi txapelketa horietako batean parte hartuko du Lasartek.