Mertxe Urteaga (gorriz) erromatar garaiko aurkikuntzak erakusten Arditurrin
Bisita berezia izango da igande honetan (hilak 7) Arditurriko meategietan, Mertxe Urteaga arkeologoak gidatuko baitu bisita. Bisita 12:00etan hasiko da eta kopurua 25 pertsonara mugatu da, beraz, aldez aurretik erreserba egitea komeni da. Horretarako 943 49 45 21 telefono zenbakira deitu behar da. 7,15 euro balio du sarrerak.Mertxe Urteaga Arkeologian doktorea da eta Arkeolan fundazioko zein Oiasso Erromatar Museoko zuzendaria. 1983. urtean hasi zen Arditurriko meatzeak aztertzen, oraindik meategiak martxan zeuden garaian, hain zuzen. Ordu hartan Real Compañia Asturiana de Minas enpresak ustiatzen zituen.
Txomin Ugalde espeleologoaren laguntzarekin erromatar garaiko aztarnak aurkitu zituen Urteagak. Garai hartako bederatzi meazulo identifikatu zituen, gerora Eusko Jaurlaritzak Sailkatutako kultura ondasun izendatu zituen.