Ernaiko kideak, gaur, Irunen
“Terrorismoa” goratzeagatik, Mikel Button gazte hondarribiarrak Irungo epaitegian deklaratu du gaur goizean. Xabier Lopez Peña preso politikoaren heriotzaren ondoren Urduñan (Bizkaia) egin zen martxan parte hartzeagatik auzipetu zuten Button; hura ez da gai horregatik auzipetutako bakarra, aste honetan pasatzekoak direlako ere Irati Senra, Mikel Moreno eta Gotzon Elizburu. Horren harira, elkarretaratzea egin du gaur Ernai gazte antolakundeak Irungo epaitegien aurrean.
Ernairen arabera, “Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoa konpondu gabe” dago, eta horregatik Espainiako Gobernuari galdetu diote ea “noiz bukatuko duen sufrimenduarekin”. Hala, sakabanaketa politika eta espetxeetako “errepresioa” Lopez Peñaren hiltzearen “atzean” dagoela esan du Ernaik, eta “gatazkaren erroei heltzeko” eskatu diote Espainiako Gobernuari: “Baina oker dabiltza. Gure hautua garbia da. Gatazkaren konponbide bidean jartzeko lanean jarraituko dugu”.