‘San Juan’ ontzia, atzo, Portugaleten. Argazkia: San Juan.
Aski ezaguna da Ibaizabalgo estropada eremuan une batetik bestera alda daitezkeela eguraldiaren eta mareen ezaugarriak. Maiz ez da hori gertatzen, baina atzo, San Miguel Ligako hirugarren estropadan –Ambilamp bandera, Kaikuk antolatua–, horrela izan zen. Eta gainera, kaltetuena artean, Oarso Bidasoko traineruak izan ziren, Hondarribia eta San Juan batez ere. Hala, estropada horretan San Pedro seigarrena izan zen (19:59), San Juan zortzigarrena (20:05), eta Hondarribia hamargarrena (20:13). Estropada eremu normal batean, ziur, gorago ibiliko zirela Oarso Bidasoko traineruak. Tiran izan zen irabazle Portugaleten, Orio bigarrena, eta etxeko taldea, Kaiku, hirugarrena.
Alta, San Miguel Ligaren lehen ondorioak atera daitezke jada. Lehena da Hondarribia nahi baino mantsoago doala uretan; bigarrena San Pedrok talde sendoa duela, eta oso erregularra dela, eta hirugarrena, San Juan uste baino hobeto dabilela, baina edozein ezustekoren aurrean erreakziorako tarte txikia duela. Hortik aurrera, bakoitzak badaki zertan hobetu behar duen, eta datorren asteburuko estropadetarako (Galizian dira biak) neurriak hartuta izan behar dituzte, baldin eta ligaren zonalde grisean gelditu ez nahi ez badute.
Atzokoaz gain, larunbatean ligako bigarren estropada jokoan izan zuten Laredon (Kantabria, Espainia). San Juan laugarrena izan zen bertan, hurrengoa San Pedro, eta zortzigarrena Hondarribiak. Kaikuk eraman zuen etxera La Caixa bandera.