Ganbo iturria auzolanean txukunduko dute
Ergoienen dagoen Ganbo iturria auzolanean garbitzeko saioak antolatu dituzte Intxixu herri kultur lantaldeak eta Maurixiren Sotoa euskaltegiak. Igande honetan, hilak 7, hasiko dira, 10:00etatik aurrera.Maxalenberri, Urdaire eta Axakalte artean dago Ganbo iturria eta bere propietateak berreskuratu asmoz txukundu egingo dute. Saioak uztaileko eta abuztuko igandeetan izango dira.
Ganbo-ura
Antolatzaileen esanetan, Ganbo iturriak ganbo-ura ematen du, hau da, osasun ura: “Euskaraz ganbo/kanbo hitzak osasun-ura esan nahi du zazpi herrialdeetan”. Ganbo ur hori zuria (sulfur-ura) edo gorria (metal-ura) izan daiteke, eta Ergoienen dagoen iturriak gorria ematen du, hain zuzen.
“Gorriak jan gogoa egiten du: barrunbea (urdaila, gibela, area, barea, bihotza, birikak eta giltzurrunak) indartzen ditu”, adierazi dute. “Beraz, beharrezkoa dugun ura estimatu, garena estimatu, etxekoa estimatu eta etorri aitzurra eta palarekin laguntzera”.