Aurten ere txikia geratu da Urdanibia plaza Baserritar Egunean
“Publiko hau dagoen lekutan denak motibatzen gara” zioen Jon Maiak herri kirolen ondoko bertso saioaren hasieran eta leporaino beteta zegoen Moskuren txaloak jaso ditu bueltan. Maia, Jexus Mari Irazu, Aitor Mendiluze eta Miel Anjel Peñagarikano aritu dira eguerdian Urdanibia plazako bertso saioan, eta behin behineko itxiera bikaina eman diote sanmartzialetako azken egunari, Baserritar Egunari.
Ganadu azokarik gabe ezin dira sanmartzialak ulertu, gazte askok gaurko goiza lotarako ematen duten eta Baserritar Eguna denik ere ezagutzen ez duten arren. Horiexek falta ziren, gazteak, gainontzeko guztiak han zirelako, familia giroan asko. Giro paregabea izan da hilaren 1eko goizean, eta antzerakoa iragarri daiteke arratsalderako, dantza lehiaketa eta pilota partidurako. Hondarribitik, Oiartzundik, Hendaiatik eta urrunagotik hurbildutako jendea bazen, inguruko askok tradizio dutelako uztailaren lehengo egunarekin Irunera hurbiltzea. Denek gozatu dute gaur, eguraldiaz, egitarauaz, txorizo pintxoez… denaz.
Ganadu azoka eta alardea aukeran, behiei jaten ematea nahiago dute haurrek, askotan euren gurasoei ahazten zaien arren behiak ez direla katuak. Izan da sustoren bat gaur goizean, handia gainera, baina ezer ez da gertatu, azkenean. Baina gerta zitekeen, urtero bezala lehiaketan parte hartzen duten behiek publiko artean egin behar dutelako lehiaketa eremuraino doan bidea.
Hain zuen ere, datozen urteetan itxuraldatuta agertuko zaigu Urdanibia plaza eta aurpegia aldatzeko ardura dutenek kontuan izan beharko lukete, beste gauzen artean, ganadu Plaza dela Urdanibia, eta eraberritze prozesuan animalien heldulekuak mantentzea ideia ona litzatekeela, hainbat eragilek eskatu bezala. Ea plaza berriak lekua hobe aprobetxatzeko aukera ematen duen eta jende gehiagok ikus dezakeen ganadu lehiaketa arriskurik gabe edota herri kirolak lehen lerrotik.
Herri kirol lehia paregabea
Herri kirol saio bikaina ikusi ahal izan da Irungo San Pedro eta San Martzial jaietako azken goizean. Harri jasotzaileak, eta aizkolariak aritu dira lehian, hirunaka: talde bakoitzean, harri jasotzaile bat eta bi aizkolari, enbor horizontaleko bat eta bertikaleko beste bat. Lehiak lehiakorra behar du izan jendea erakartzeko, eta gaur inor ez da bere lekutik mugitu hirukote irabazlea segundo pare bategatik irabazi duten ate.
Eta, bertsolari zumaiarrak “publiko hau dagoen lekuetan denak motibatzen gara” esan baino bost minutu lehenago, harri jasotzaileek itzela egin dute programatik kanpora. Haien lana amaituta zuten arren, antolatzaileei baimena eskatu eta sekulako erakustaldia eskaini diote publikoari harri esferikoarekin, itzela.
Berotan joan da goiza, eta une batzuetan garestiagoa zen gerizpe bat Moskun, Zarautzeko hondartzan guardasol bat baino. Hala igaro da bertso saioa, berotan, baina baserritar eta euskal giro bikainean. Gustura publikoa, gustura txosnetako arduradunak, eta gustura gaurko egunez disfrutatzeko bart etxera beranduegi joan ez zirenak. Merezi izan du eta.