Emakumeentzako autodefentsa ikastaroa antolatu dute Errenterian
Emakumeentzako autodefentsa ikastaroa antolatu dute Errenteriako Udal Kirol Patronatuak eta Udaleko Berdintasun Arloak. Galtzarabordako kiroldegian egingo dute ikastaroa, eta bi txanda egingo dituzte. Lehena, hilaren 8tik 11ra izango da, eta bigarrena, berriz, 15etik 18ra. Ordutegia 19:00etatik 20:30era izango da egun guztietan.
Ikastaroak parte hartzaileak euren buruekin seguruago sentiaraztea du helburu. Horretarako, hainbat trebetasun garatzeko aukera izango dute, eta beren gorputzen gaineko kontrola hartzen ikasiko dute, beren indarrarekin konektatu ahal izateko. Antolatzaileek adierazi dutenez, autodefentsarako teknika “erraz eta eraginkorrak” ikasiko dituzte. Horrela, balizko erasoen aurrean “kontzientzia eta praktika handiagoa” izango dute.
Lide Marco psikologo eta arte martzialetan adituak emango ditu ikastaroak. Formazioan alde fisiko zein psikologikoa landuko dute, wing tsun arte martzialean oinarritutakoak betiere. Gorputz osoa lantzen du wing tsunek. Aurkariaren indarra baliatzen du bere kontra egiteko, eta horregatik indar fisiko handia ez duten pertsonentzat teknika egokia da.
Izen ematea
Autodefentsa ikastaroan izena emateko hiru baldintza bete behar dira: emakumea izatea, 16 urtetik gora edukitzea eta Errenteria-Oreretan erroldatuta egotea. Baldintza fisikoa edozein izan daitekeela jakinarazi dute. Doakoa izango da, baina aldez aurretik hartu beharko dute tokia interesdunek, eta hurrenkeraren arabera esleituko dituzte. Izena eman edo informazio gehiago nahi duenak Galtzarabordako kiroldegiko harreratik pasatu beharko du, edo telefonoz egin (943 44 96 90).