Esku pilotako Herriarteko Txapelketako finaletik urrats batera dago Oiartzun
Esku pilotako Herriarteko Txapelketako finalerako txartela lor dezake gaur arratsaldean Oiartzungo taldeak. Finalerdiko joaneko jardunaldia ostiralean jokatu zuen Oiartzunek Azkoitiako pilotalekuan, bertako taldearen kontra. Hiru partida jokatu zituzten eta 1-2 nagusitu ziren oiartzuarrak (10-22, 18-22 eta 22-19). Itzulekoa gaur jokatuko dute, 19:45etik aurrera, Madalensoron. Aurrera egiteko, oiartzuarrek gaurko hiru partidetatik bi irabazi beharko dituzte. Bakarra irabazita ere finalerako sailkatu daitezke herriko pilotariak, beti ere Azkoitian lortutako hamahiru tantuko aldeari eutsiz gero.
Hortaz, uztailaren 7an Donostiako Atano pilotalekuan jokatuko den finalean izateko aukera asko ditu Oiartzungo taldeak. Aurkaria zein izango den asteburuan erabakiko den arren, Tolosaldekoa izango dela jakina da, eskualde horretako bi talde ari direlako beste finalerdia jokatzen: Bidegoian eta Tolosa. Joaneko partidan 1-2 aurreratu ziren tolosarrak.