
Iaz ere Alarde Parekideari babesa eman zioten aldundiko ordezkariek
Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza batek, diputatu nagusi Martin Garitano buru izango duena, harrera egingo dio igandean Irungo Alarde Parekideari —Publikoa—. Aldundiak Irungo alkateari gauza bera egitea eskatu dio, “hori egin ezean, berdintasunezko alardean parte hartzen duten emakumeei beraien hiritartasuna ukatzen baitie”.
Berdintasuneko foru zuzendari Laura Gomezen hitzetan, “harrera honekin Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu nahi du Alarde Parekideari ematen dion laguntza eta aitortu nahi du irundarrek urtetan eta bakarrik egindako borroka, jaietan eta bizitzaren alor guztietan bereizkeriarik gabe parte hartzeko eskubidea aldarrikatuz. Administrazio foraletik Irungo arduradun publikoei gauza bera egin dezaten eskatzen diegu, zeren ulergaiztzat jotzen dugu alkateak emakumeak baztertzen dituen alardeari harrera egitea eta berdintasuna bermatzen duen taldeari eskubide hori ukatzea”.
Erakunde publikoak berdintasuna bermatzeko daudela azpimarratu du Laura Gomezek: “Erritual bera bitan zatitzea berdintasuna oztopatu eta herri oso bat etengabeko guda batean murgiltzea da, alde batean emakumeek eta gizonek berdintasunean parte hartuz eta bestea paper estereotipatuetara mugatuz”. Gaineratu duenez, “ez daude bi alarde, luzeegi irauten duen konfliktoa baizik. Berdintasuna da helmuga, eta bakea eta jaia izan beharko luke bidea”.
Instituzioen arteko elkarlana beharrezkoa dela gehitu du Berdintasuneko foru zuzendariak: “Erakundeok indarkeriarik gabeko festak bermatu behar ditugu, eta ezin da legeekin horrela jokatu. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundia lanean ari da eta lan egingo du erakundeek duten erantzukizuna har dezaten, espazio publikoan urtero alardeen inguruan ematen diren iskanbilak eta justizia ezak saihesteko”.