Udako denboraldian ere zerbitzua euskaraz ematera animatu ditu Oiartzungo merkatari nahiz ostalariak Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak, eta gutuna ere bidali die bilguneak eskaintzen duen materiala eta euskara zerbitzua gogorarazteko.
Izan ere, Ttur-tturrek eta Oiartzungo Udalak lortutako hitzarmenari esker, indarrean da merkataritza eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa. Horren arabera, zenbait zerbitzu ematen dizkiete, doan. Hala nola, jendaurreko idatziak, txartelak eta oharrak euskaratzea edo zuzentzea.
Uda “garai berezia” dela gogorarazi du Ttur-tturrek: “Merkatari asko merkealdiaren atarian daude, eta ostalariak, berriz, lan gehien izango duten sasoiari erantzuteko prestatzen ari dira”. Hala, zerbitzua euskaraz eskaintzeak, “establezimenduaren kalitatea hobetu eta bezero euskaldunekiko begirunea” adierazten duela esan du.
Merkealdiko kartelentzako laguntza
Merkealdi garaian, materiala euskaraz izateko laguntza eskaini die Ttur-tturrek merkatariei. Adibidez, Merkealdia edo Eskaintzak jartzen dituzten kartelak, prezio zaharra eta berria adierazteko txartelak, baita baleak, fakturak, entrega agiriak edo ordainagiriak egiteko talonarioak ere. Gutuna bidali die 22 establezimenduri, eta oraindik eskaera egin daitekeela adierazi du.
Euskaltzaleon Bilgunera zuzentzeko hiru bide daude: handik azaltzea (Fermiñene Etxean dago Aialde kalea 2, 1. solairua), telefonoz deitzea (943 26 01 82) edo email bat idaztea (
merkatariostalari.tturttur[a bildua]gmail.com).
Menua, euskaraz
Otorduetako menua eta kartak zuzendu eta euskaratzeko zerbitzua ere ematen du Ttur-tturrek. Horrez gain, hiztegia ere badaukate, jatetxe eta tabernetan erabiltzen diren ohiko hitzak euskaraz nola diren jakiteko. Menua euskaraz emateko bereizgarria ere badaukatela gogorarazi du. 39 establezimenduk adierazten dutela menua euskaraz jakinarazi du.
Azkenik, bezeroengana ere zuzendu da Ttur-ttur, eta euskara erabiltzera animatu dituzte eurak ere bai ahoz eta baita idatziak aurkezterakoan ere.